Kultura bere tokia berreskuratzen

Kultura bere tokia berreskuratzen
2020/06/26 09:38 eta kitto!
Arrate Kultur Elkarteak ez du hutsik egingo eta urteroko zitari eutsiko dio aurten ere. Ekaina eta uztaila artean ‘Ikus-entzunezko Astea’ antolatu ohi du San Andres elizako klaustroan eta, aurten, “zailtasunak zailtasun eta atsegin handiz” lau emankizun eskainiko ditu datorren astean, ekainaren 30etik uztailaren 2ra bitartean, kultur deseskalada hasi du-eta.

 

Arrate Kultur Elkartearen programazioa martxan da berriz ere eta egitarau potentearekin dator. Datorren martitzenean, ekainaren 30ean, ‘Ikus-entzunezko Astea’-ri emango zaio hasiera ‘Ez, eskerrik asko. Gladys-en leihoa’ (2019) dokumentalarekin. Bertha Gaztelumendiren lan honetan Gladys del Estal Ferreñoren istorioa kontatzen da, Arguedasen eraiki behar zen zentral nuklearraren aurka 1979an Tuteran egin zen manifestazio baketsuan Guardia Zibilak hil zuen emakumearena, hain zuzen. Film honek, Gladysen gertakariaren harira, sasoi hartako gizartearen onespena lortu zuen mugimendu sozialaren erretratu bat egin nahi du.

Gaztelumendiren dokumentalak asmo bikoitza du. Batetik, 23 urte zituen Gladys zein zen eta bere heriotzaren ingurukoak nola gertatu ziren ezagutaraztea; eta, bestetik, Euskal Herrian eta mundu zabalean zentral nuklearren kontra 70eko eta

80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren berri ematea.

Dokumentalak deskribatzen duen errealitatean Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmeak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatzen du.

Dokumentalak 66 minutu irauten du eta emanaldia 22:30ean hasiko da San Andres elizako klaustroan.

 

Eibartar biren sorkuntzak

Uztailaren 1ean, eguaztenean, saio bikoitza izango dugu klaustroan 22:30etik aurrera. Ikus-entzunezkoen eta irudiaren munduan sortzen diharduten eibartar biren lanak egongo dira gozagai, Koldo Edorta Carranzaren film laburra eta Fernando Retolazaren diaporama.

Koldo Edorta Carranza sarritan ikusi dugu kamera eskuan herrian eta herritik kanpo gertatzen dena jasotzen. Bere lanak ere gozatu ditugu hainbatetan eta oraingoan 2019an sortutako ‘Kaleko antzerkia’ aurkeztuko du ‘Ikus-entzunezkoen Astean’.

‘Kaleko antzerkia’ joan den urteko sanandresetan grabatutako lana da, Koldo Edortak etorkinen inklusioari buruz egindako film labur dokumentala. Durangoko Azokan eta Gasteizko Cortada Jaialdian egon da ikusgai, baina Eibarren ez da oraindik estreinatu. Aipatzekoa da, gainera, filmazioan Eibarko familia askok parte hartu izan zutela.

Fernando Retolaza ere sarritan ikusi dugu kamera atzean, baina argazki-makinaren atzean bere kasuan. Herriko eta inguruko irudiak jasotzeaz gain, munduan zehar hainbat bidaia egin ditu eta bazter guztietako argazkiak ekarri ditu gurera.

Oraingoan Nepalen izan da, Annapurna inguruan, hain zuzen ere, eta diaporama bat prestatu du publikoari aurkezteko. ‘Trekking-a Nepalen. Annapurna santutegia’ du izenburu. “Orain dela urte batzuk, atzerriko herrialde urrun batean egindako mendi-bidaia batek logistika asko eskatzen zuen. Orain, komunikatzeko erraztasunekin eta jendeak helmugan duen esperientziarekin, dena askoz errazagoa da”, dio Retolazak lanaren sinopsian. “Nepal ezin hobea da. Herriak kultur aniztasun aparta eskaintzen du, jende atsegina eta hainbat eta hainbat haran eta mendi bisitatzeko erraztasun ugari”.

Trekkingari dagokionez, Katmandu (Nepalgo hiriburua) da hasiera. Hara iristen dira nazioarteko hegaldi guztiak eta, Retolazak dioenez, hiriburuak eta inguruek merezi dute. “Gainera, burua altxatuz gero, Himalaiak ikusiko ditugu”.

Himalaian ibilaldiak egiteko orduan kontuan izan behar da zein sasoitan egiten den, monzoirik ez egotea komeni delako. “Apirila-maiatza edo urria-azaroa izan daitezke aukerarik onenak”, Retolazaren ustez.

Annapurnetako itzulia, Annapurna santutegia eta Everest kanpamendu-basea dira ibilaldi ezagunenak. “Bide errazak (altuera-gaitza zainduz) eta paisaia paregabea”, bere berbetan. Dena dela, berebizikoa izaten da gidarien eta garraiolarien konpainia. “Oso atsegina da alde guztietatik”, Retolazarentzat. “Hemendik, Devan zena oroitu nahiko nuke, dozena erdi bidaia ingurutan lagundu digun gidaria, aurten utzi baikaitu; eta ezin dut ahaztu lanik gabe oso gaizki dagoen jende zoragarri hori; COVID-19ak mugak itxi ditu 2015eko lurrikaratik burua altxatzen hasi berri direnean. Namaste”.

 

Kokeinen kontzertu akustikoa

Kokein taldeak 20 urte bete ditu aurten, inoiz ahaztuko ez duen urteurrena. Urte hasieran ‘Lera’ diskoa argitaratu zuen, zaleentzat opari moduan, ‘Itzalak’ eta ‘Iraganaren etorkizuna’ abestiak batzen dituen lana. Sasoi berezi honetan ezin izan dute Eibarren zuzenekorik eskaini (aratosteetan Untzagan eskaini behar zuten kontzertua bertan behera laga zuten Zaldibarko zabortegian gertatutakoarengatik), baina azken hilabeteotan hainbat kontzertu akustiko eskaini dituzte Euskal Herri osoan zehar, euren abestiak irakurtzeko eta interpretatzeko modu ezberdinak daudela erakutsiz. Oraingoan, San Andres elizako klaustroan izango ditugu uztailaren 2an, eguenean, 20:00etan.

Kokeinek kontzertu akustikoa eskainiko du, baina bertan ez dira taldekide guztiak egongo. Zaloa Urain abeslaria, Jatsu Argarate baxu-jolea eta Iker Sainz gitarra-jolea izango dira hamarkada bitan ibilbide arrakastatsua izan duen talde eibartarraren melodiak jotzen. “Gu desiatzen gaude Klaustroan jotzeko! Gure abestien eta beste abesti batzuen bertsioak egingo ditugu, gogotsu eta oso pozik”, aipatu dute Kokeinekoek.

 

‘Eguen Zuri 2020’ lehiaketa

COVID-19aren pandemiaren aurretik Zaldibarko zabortegiaren arazoa bizi izan genuen Eibarren. Hura izan zen ‘Eguen Zuri 2020’ argazki-lehiaketa bertan behera lagatzeko arrazoia. Hilabete batzuk geroago, ordea, iritsi da sariak banatzeko ordua.

Apirilean eman zuten jakitera zeintzuk izan diren aurtengo irabazleak eta Jose Luis Irigoien argazkilari eibartarrak jaso zuen lehen saria ‘Eskuak’ lanarekin. Bigarren postua Pedro San Romanek eskuratu zuen ‘Momotxorros’ lanarekin eta hirugarren Fernando Retolaza izan zen ‘Txanogorritxu festara’ izenburua duen argazkiarekin. Gainera, argazkiak modu birtualean ikusteko aukera eman zuen Arrate Kultur Elkarteak Topaleku Birtualean (Facebooken).

Orain benetako Topalekua zabaltzeko aukera du Kultuk eta uztailaren 1ean ‘Eguen Zuri 2020’ lehiaketaren sari-banaketa eta erakusketa egingo da 19:30ean.

Arrate Kultur Elkartea