Mursego Coliseoan izango da barixakuan Lapur(ari)ketak ikuskizunarekin

0    Kultura 
ETA KITTO ETA KITTO
Mursego Coliseoan izango da barixakuan Lapur(ari)ketak ikuskizunarekin
ETA KITTO 2021, Ira 29

Maite Arroitajauregik, Mursego, Lapur(ari)ketak izeneko ikuskizuna eskainiko du barixakuan, 20:00ean, Coliseo antzokian. Musikari eibartarrak musika, hitza eta gorputza nahasten ditu ikuskizun honetan, miresten dituen artisten sorkuntzak beste dimentsio batera eramateko, eta bere hizkuntzara aldatzeko.

Ikuskizunak Jim Jarmuschen berba hauek ditu abiapuntu: “Ezer ez da originala, inspirazioarekin berpizten zaituen edo zure irudimena betetzen duen edozein lekutatik lapurtzen du”. Horrela, jatorrizkoaren eta maileguaren arteko elkarrizketa horretan sartzen dira Paul Duttonen Wordeko spokena, Gloria Fuertesen umore politikoa, Mikel Laboaren mundu izugarria, Vicente Ameztoyren koadro baten lengoaia figuratiboa, Victor Ericeren ikus-indarra edo Martxel Mariskalen poesia nihilista, Lisaböko musikan nahasita.

Ikuskizunean tartekatu egiten dira jatorrizko sorkuntzen proiekzioak eta Mursegoren diziplinarteko egokitzapenak; eta, bertan, umorea eta salaketa, poesia eta performancea, oroimena eta abangoardia elkartzen dira, arte-jabetza ustekabeko lekuetara eramanez.

Sarrerak 5 eurotan erosi daitezke, kutxabanken edo Coliseo antzokiko leihatilan (ikuskizuna hasi baino ordubete lehenago).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »