Olatz Mandiola: “Zizeilua gaur egungo bizimodu eta beharretara egokitu dugu”

Olatz Mandiola: “Zizeilua gaur egungo bizimodu eta beharretara egokitu dugu”
2019/07/05 12:27
eta kitto!
Olatz Mandiola eibartarrak “HAU Euskal Herriko Objetu tradizionalaren diseinu lehiaketa" irabazi du “Zura" proiektuarekin. Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza Graduko ikaslea da Olatz Mondragon Unibertsitatean, eta bere gelako beste bi ikaslerekin, Uxue Aristimuño eta Amaia Baztarricarekin aurkeztu da lehiaketara. Zizeilua, Euskal Herriko baserrietako objetu tradizionala gaurkotu dute, egungo bizimodu eta beharretara egokituz.

- Zeinek antolatzen du lehiaketa eta nola izan zenuten horren berri?
Bitamine Faktoriak antolatu du hirugarrenez, San Telmo museoaren, Aranzadi Zientzia Elkartearen, Mondragon Unibertsitatearen eta Ramirez i Carrillo estudioaren laguntzarekin. Lehiaketarekin San Telmo museoko pieza tradizionalak nabarmendu nahi dira. Objetu klasiko bat hartzen da eta XXI. mendera egokitzen da, ideia lehiaketa baten bidez.  Aurreko urteetan “taloaskea” eta “kutxa” berrinterpretatu behar izan ziren, eta aurtengo ediziorako aukeratutako pieza “zizeilua” izan da. Unibertsitateko diseinu irakasleak lehiaketaren berri eman zigun eta gure ideia aurkeztu genuen. Gradu honetan egunero erabiltzen ditugun produktuen diseinua hobetzen ikasten dugu. Guztira 30 proposamen egon dira, eta gureak irabazi du.

- Zer da zizeilua eta zein izan da zuen proposamena?
Zizeilua baserrietako sukaldeetan behekosuaren ondoan egoten zen funtzio anitzeko altzaria zen. Familia bertan elkartzen zen. Bere ezaugarrietako bat da bizkarraldea oso altua daukala. Funtzio bat zeukan: sua mantentzeko haizea sartzea beharrezkoa zen, eta haize horretatik babesten zuen bizkarralde altu horrek. Bestalde, mahai abatible edo eraisgarri bat izaten zuen, bertan bazkaltzeko. Guk bere ezaugarri nagusiak mantendu nahi izan ditugu, baina egia da bizkarralde altuak gaur egun ez daukala funtzio bera. Asko aldatu da bizimodua. Bestalde, oso altzari handia zen, eta gaur egungo etxeetan erabiltzea ezinezkoa litzateke. Horregatik portxeetan eta oro har kanpoko espazioetan erabiltzeko moduko proiektua landu dugu.

- Disenua, beraz, gaurko bizimodura egokitu duzue.
Praktikotasuna hartu dugu kontuan, eta baita alde estetikoa ere. Bi habe eta hiru ohol ditu eta txapekin lotuta dago. Piñu-egurra aukeratu dugu. Moderno itxura emateko, diseinu sinplea eta kolore argia erabili nahi genuela argi genuen. Zizeilu tradizionalaren mahai eraisgarrien ideiari eutsi diogu,  eta gaur egungo tresna elektronikoak erabiltzeko oso aproposak diren bi mahaitxo jarri ditugu, alde bakoitzean bat: jira egin daitezke eta baita makurtu ere. Bururdi edo kojinekin goxotasuna eta kolorea eman diogu.

- Horrelako esperientziek nolako garrantzia daukate zuentzako?
Ez gara profesionalki honetara dedikatzen, oraindik ikasleak gara, eta horregatik ez genuen espero lehiaketa irabaztea. Sorpresa handia izan da. Donostiako San Telmo Museoan ospatu zen ekitaldian eman ziguten saria. Gure proiektua San Telmon bertan dago ikusgai. Poster bat jarri dute gure disenuaren argazkiekin eta azalpenekin. Uda guztian egongo da.

zizeilu zaharra Zizeilua Euskal Herriko baserrietako sukaldeetan egoten zen eta funtzio anitzeko altzaria zen.

Zizeilu berria Olatz Mandiolak, Uxue Aristimuñok eta Amaia Baztarricak berdiseinatutako zizeilua.