Ospitale berriak ez duela lanposturik sortuko ezta zerbitzu gehiago eskainiko salatu du ELAk

Ospitale berriak ez duela lanposturik sortuko ezta zerbitzu gehiago eskainiko salatu du ELAk
ETA KITTO 2018, Urr 19

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan ELA sindikatuko ordezkariek salatu dutenez, “Eibarko ospitale berriak ez du lanposturik sortuko eta ez du eskualdean osasun-zerbitzu gehiago eskainiko”. ELA sindikatuan Osakidetzako arduraduna den Esther Saavedraren berbetan, “orain dela egun gutxi Darpon jaunak harrotasunez esan zuen ospitale berri horrek 97 egiturazko lanpostu sorreraziko zituela, baina adierazpenek herritarrengan itxaropen faltsuak sortzeaz gain, Osakidetzaren benetako egoera ezkutatzen dute”. Azaldu dutenez, “egiturazko” berba horretan dago koska: “Gaur egun Osakidetzaren plantillan 26.400 egiturazko lanpostu daude, baina benetako plantillan dauden langileak 35.000 dira, horietatik 15.000 behin-behinekoak. Gauzak horrela, Eibarko Ospitalea zabaltzeak ez du lanpostu berrien sorrerarik ekarriko, hurrengo EPEan 97 langile behin-behineko izatetik finko izatera pasatuko dira, besterik ez. Hau da, 97 lanpostu plantilla funtzionaletik egiturazko plantillara aldatuko dituzte. Enplegua sortzeko termino errealetan, beraz, eragiketa horren saldoa garbia da: 0. Osakidetzak 97 lanpostu erregularizatuko ditu, baina ez da lanpostu berririk sortuko”.

Horrez gain, Osakidetzako lanpostu horien egonkortasuna egoerak derrigortuta egindakoa dela argitu nahi izan dute: “EAEko Auzitegi Nagusiaren edo Auzitegi Gorenaren epaien sendotasunarengatik derrigortuta datorren aldaketa da. Auzitegi horiek behin eta berriz ebatzi dute Osakidetzak behin-behineko kontratuez egiten duen erabilera gehiegizkoa dela eta erabilera hori zuzenbidearen aurkakoa dela. Osakidetzan egoera kafkianoak gertatzea ez da horren arraroa: langileak erretiro-adinera behin-behineko kontratuekin ailegatzea eta langile bakar batek 3 urteko epean 200 kontratu metatzea, adibidez”.

Ospitaleko pertsonala etorkizunean kontratatzeko erabiliko diren irizpideen inguruan “Osakidetzak ezer gutxi adierazi” diela gaineratu dute: “Baina orain arte jakin ahal izan dugunaren arabera, ez dirudi enplegu publikoaren legeetan ezarrita dagoena betetzeko borondate handirik dutenik, ezta behin-behineko kontratazioaren edo negoziazio kolektiboaren akordioak betetzeko ere. ELAren izenean indarrean dagoen legedia errespetatzeko eta gardentasuna zein aukera-berdintasuna bermatzeko eskatzen dugu”.

Debabarrenako ESI-ko zuzendaritzak esan dienez, ez da zerbitzurik azpikontratatuko. Hori pozgarria dela pentsatu arren, Ospitaleak eskainiko dituen zerbitzuen inguruan kezkatuta azaldu dira: “Eibarko eta Ermuko PACetan gertatzen ari denarekin kezkatuta gaude. Bi zentro horietako plantillaren zati bat lekuz aldatuko dute, Eibarko Ospitale berrira ekarriko dute, euren lan baldintzak modu nabarmenean aldatuta. Izan ere, orain arte PAC horietan eman den zerbitzua laster Ospitale berrian eskainiko dute, eta instalazio horiek itxiko dituzte. Hori dela eta, lanpostu batzuk suntsitu egingo dira eta, horrekin batera, herritarrei eskaintzen zaien osasun-zerbitzua ere murriztu egingo da”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »