Etorkizunerako proiektu berria marraztea proposatu du EAJ-PNVk, agintaldiaren erdia bete denean

Etorkizunerako proiektu berria marraztea proposatu du EAJ-PNVk, agintaldiaren erdia bete denean
2021/07/23 eta kitto!
Isabel Elorza Eibarko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko presidenteak eta Josu Mendicute Eibarko EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak agerraldia egin zuten atzo Batzokian, agintaldiaren lehen erdiak eman duenaren inguruan egiten duten irakurketa eta balorazioa azaltzeko.

Gogora ekarri zutenez, agintaldia botoetan %30 igota hasi zuten jeltzaleek, seigarren zinegotzia lortuta “eta, ondorioz, berriz ere oposizioko lider bihurtuta”. Hala ere, eurena “oposizio konstruktiboa” dela argi laga nahi dute eta, ildo horretan, “adostasuna lortzearen alde” lan egiten dutela azpimarratu nahi izan dute. Hala ere, elkarlanaren aldeko beraien jarrera horrek, Elorzaren berbetan, "ez du erantzun bera izan PSOEren aldetik. Gu gara kontra gutxien bozkatzen duen alderdia, sozialisten aurrean, horiek baitira besteen ideien aurka gehien egiten dutenak". Emandako datuen arabera, EAJk 9 aldiz baino ez du aurka bozkatu Osoko Bilkuran egindako 192 bozketetan.

Alderdi Jeltzaleko presidente izateaz harro dagoela dio Elorzak: "Bete barik geratzen direnen eta gardentasun faltaren aurrean, politika eraikitzailea egiteko modu bat sustatzen jarraitzen dugulako, zubiak eraikiz oztopatzen dituztenen aurrean". Eta, oztopoak aipatuta, beste erakunde batzuetan ados ipini arren, Udalean zergatik ez den horrelakorik lortzen galdetzen diote beraien buruari.

Alderdi jeltzaleak bere-berea duen "jarrera arduratsua" ere goraipatu zuen: "Aurrera egitea ahalbidetuko diguten akordioak batzeko eta ehuntzeko apustua egiten dugu. Ez dugu inoiz arrazoirik gabeko ezetzik eman, eta ez dugu blokeo-egoerarik sortu. Akordio bila gabiltza hiria geldirik gera ez dadin". Horren adibide dira 2020ko eta 2021eko ekitaldietan lortutako aurrekontu-akordioak.

Pandemiari aurre egiteko lanean

Pandemia dela-eta, EAJ-PNV konponbideak bilatzen ahalegindu dela azpimarratu zuten, “Eibarren Gizarte Larrialdietarako Laguntzek izan zuten blokeoa konpontzeko, espazio publikoa egokitzeko eta inbertsioak bultzatzeko, tokiko negozioak behar berrietara egokitu zitezen”. Zentzu horretan, Udalak egin duen kudeaketarekin kritiko agertu ziren: “Udalak terraza jartzeko eskaerari noiz erantzungo zion zain hilabeteak eman dituzte hainbat ostalarik. Administrazioa arazoak konpontzeko dago, ez arazoak sortzeko”, dio Mendicutek.

Zinegotzi jeltzaleak gogorarazi duenez, 2020ko martxotik 2021eko maiatzera arte 457 enplegu-erregulaziorako espediente egon dira Eibarren, eta 2.907 pertsona kaltetu: “Egoerari aurre nola egiten diogun, horrek bereizten gaitu alderdi politiko batzuk besteengandik. Zainketa aringarrien udal-politika ez da nahikoa, prebentzio-politika bat behar da. Eta prebentzioa industriaren alde egitea da, berrikuntzaren alde, enplegua sortzearen alde, talentua erakartzearen alde, ekoizpen-sektoreen alde, eta, alde horretatik, udal-gobernua noraezean dabilela ikusten dugu, alkatetzaren lehentasuna bere ospea, nabarmentzea delako. Ezin daiteke sinistu sozialista deitzen den alderdi batek pobreziaren, langabeziaren, bazterketa-arriskuaren eta `per capita´ errentaren inguruan laga dizkigun datuak”.
Eibarko jeltzaleen presidenteak gogora ekarri du EAJ-PNVk pandemia osoan zehar izandako jarrera arduratsua. "Udalean Covidari buruz hitz egiten lehen alderdia izan ginen, eta Jarraipen Mahai bat sortzea proposatu genuen 2020ko martxoaren 11n. Ordutik etengabe lan egin dugu neurri sozialak, kontsumo-bonuak, salmenten online plataforma, espazio publikoen berrantolaketa eta abar proposatuz. Azken finean, jarrera proaktiboa izan da, hiriko eragileen eskutik. Zoritxarrez, zaila izan da proposamenak gauzatzea, agintean dagoen alderdiaren etengabeko ezezkoen ondorioz".

Alkate berriaren izendapena

Miguel de los Toyosen dimisioa eta “sozialisten zerrendan zazpigarrena” zen Jon Iraola alkate izendatzea nola ikusten dituzten ere azaldu zuten: "Bistan denez, interlokuzio-aldaketa bat da, eta horrek konfiantza-tartea eskatzen du". Hala ere, bost hilabete igaro eta gero, alkate berria “gainezka” ikusten dute: “Herritarren arazoekin baino, bere burua eta irudia sustatzearekin kezkatuta dago. Baina hiriaren etorkizuna ez da argazki, titular eta txioekin eraikitzen. Aurrera begira garrantzitsuak diren proiektuak aurrera ateratzeko akordioekin, horrela eraikitzen da hiria, eta horretan ahaleginduko gara gu, beste eragileekin batera”.

Jeltzaleen bozeramaileak "gutxieneko autokritika zantzu bat" eskatu nahi dio udal gobernuari, Eibarko ekialdeko auzoen egoera dela-eta. Horrela, sozialistek duela egun gutxi komunikabideetan emandako datua osatzeko eskatu dio: "25 urtetan 35 milioi euro inbertitu dituztela diote. Gutxirako balio izan die. 35 milioirekin gauza asko egin daitezke. Baina Udalak 25 urtetan 1.000 milioi euro inguru izan ditu. Hiri erdian inbertitutako euro bakoitzeko 28 euro gastatu dira beste gauza batzuetan. Egia osoa esan dezatela herritarrenganako errespetuagatik”.



Ilusioarekin aurrera begira

Aurrera begira, "Eibar 2030" dinamikaren barruan EAJk hiriko eragile sozial eta ekonomikoekin kontraste-prozesu bat abiaraziko duela aurreratu zuten, hiriarentzat etorkizuneko proiektu bat partekatzeko: “Eibarrek etorkizuna du. Nortasun propioa du, lanarekin eta mugak gainditzearekin oso lotuta dagoena. Nortasun-ezaugarri horiek tresna onak dira etorkizuna eraikitzeko. Enpresa-egiturak, egitura sozialak, akademikoak eta askotariko elkarteak ditugu, eta horiek, ondo koipeztatuta, Eibar berriro ere motor ekonomiko bihur dezakete Euskadin. Gauza bakarra behar dugu: etorkizunerako plan batean lerrokatzea, eta plan horren lidergoa, beste erakunde batzuekin batera garatzeko. Hiri-eraldaketaren eta eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin behar dugu, eraldaketa soziala, ekonomikoa eta demografikoa ahalbidetzeko, eta Eibarri hori eskaintzen dion alderdi bakarra EAJ-PNV da”.