Josu Mendicute (EAJ-PNV): “Apostua egin bihar dogu trafiko gehixena kendu eta bizitzeko espaziuak berreskuratzeko”

Josu Mendicute (EAJ-PNV): “Apostua egin bihar dogu trafiko gehixena kendu eta bizitzeko espaziuak berreskuratzeko”
2023/05/19 eta kitto!
Zerk motibatu zaitu alkategai izateko zeure burua aurkeztera?

Eibarrendako asmuak dakadaz, helburuak. Herrixaren alde egin dot beti eta herrixaren aldeko ekimenetan jarraittuko dot beti. Alkate izatia Eibar aurrera eruateko aukera bat da, eta lidergo barri baten premiña dakagu herrixan. Eibarrek erronka asko dakaz, erronka horiei erantzuteko egitasmo serixo bat dakagu eta lantalde bikaina dakat albuan horretarako.

Alkatetza lortzen baduzu zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?

Kaliak hobeto garbittu. Eta alkate banaiz, egunero egingo dogu, ez soillik hauteskundietan.

Zuretzat zeintzuk dira Eibarrek gaur egun dauzkan premia nagusiak? Eta zer planteatzen duzu horiei erantzuteko?

Eibarrek aurrera egin bihar dau. Gaur egun geldirik gelditzia atzian geratzia da. Lan aukera gehixago eta hobiak sortu bihar doguz, berdegune gehixago lortu eta arbolak landatu. Hazteko eta sozializatzeko espaziuak falta jakuz, bizitzeko kale eta plazak. Horretarako, mugikortasuna birpentsatu biharra dakagu eta, horrekin batera, erronka ekologiko bati egin bihar detsagu aurre. Eibarrek aurrera egin bihar dau.

Guk 3.000 aparkaleku perimetraletik gora egin nahi doguz, kaliak pertsonendako berreskuratzeko: bizitza sozialerako espazio barrixak lortzeko, eta herri barruan berdegune gehixago sartzeko. Eta arbolak. Alkate banaiz, 100 arbola landatuko doguz agintaldi hasieran. Bizitzeko hiri atsegiñagua lortu nahi dogu, Eibar erakargarrixagua egin. Bide horretan, kultur-egitarauan gehixago sakondu nahi dogu, eta tokiko merkataritzaren alde egin.

Horrekin batera, ekintzailletza bultzatzeko proposamenak dakaguz eskuartian. Eta proiektu horiek enpresa bihurtzen diranian be, Eibarren jarraitzeko egitasmuak proposatzen doguz. Eibar bizitzeko eta lan egitteko leku hobia izatia nahi dogulako.

Hiru gauza nabarmenduko nittuzke: bat, erronka horiei erantzuten detsen proiektua dakagula. Bi, proiektu hori aurrera eruateko lantalde prestatu batekin aurkezten naizela. Eta hiru, gaittasuna dakagula erakunde guztixak batu eta norantza berian, Eibarren alde lan egitteko. Hiru baldintza horiek EAJ-PNVk betetzen dittu.

Euskal kulturak eta euskarak zein lehentasun daukate zeuen programan?

Programan bezain garrantzitsua da jarreran: guk euskeriaren alde bai, baina baitta euskaratik eta euskaraz lan egingo daben lantaldia eskintzen dogu. Euskeriari lehentasuna emon bihar jako jarduera kulturaletan, kirolian, lan-eremuan. Guk ez dogu nahi erderaz pentsatutako herrixa, itxuraz elebitan aurkeztutakua. Euskeria Eibar hobia eraikitzeko tresna da.

Amaitziar daguan agintaldi honetan EAJ-PNVk geldiarazi dittu udal gobernuaren murrizketak euskerian arluan. AEK euskaltegixa eta …eta kitto! Euskara Elkartea izan bihar ziran kaltetuak. Horrek esaten dau zerbait batzuen eta bestien ikuspegixaren inguruan!

Neurri zihatz batzuk aipatziarren: udal langilliak hautatzeko hizkuntzen profillari dagokixon garrantzia emango detsagu. Alkarlana bideratuko dogu alkartiek eta enpresek egitten dittuen jardueretan euskeriaren presentzia izan dadin, gitxienez, erdixa. Antzerki jardunaldixetan, obren erdixa gitxienez euskaraz jarriko doguz. Eta bardin egingo dogu kultur egitarau osuakin.

Jaixetan, lehentasuna emango detsegu euskal taldieri; neri sinesteziña egitten jata oindiokan Eibarren ez dittugula izan Zetak, Izaro edo Bulego. Beste talde batzuk, Skakeitan adibidez, JHJk ekarritta. Baina Udalaren ekimenez gitxi. Su Ta Gar, zenbat urtian behin? Gozategi be, azkenekoz oin dala 16 urte. Eibarko gazte askorendako bizitza osua da. Jaixetan erdal taldieri ez detsegu atiak itxiko, baiña euskal talderik onenen kontzertu askoz gehixago egingo doguz. Sensibilidade kontua da. Eibartarrok udal gobernu euskalduna merezi dogu.

Estaziño-Azitain pasealekuaren proiektuak bizilagun askoren kexak eragin ditu. Zer daukazue proiektu horren inguruan esateko?

Emondako hitza bete egin bihar da, politikan eta bizitzan. Uste dot Eibarrek une honetan beste lehentasun batzuk dittuala: berdegune gehixago, kale garbixaguak, enplegu gehixago eta hobia. Proiektu honek ez detsa eibartar gehixenen premiñeri erantzuten.

Eibarko benetako pasialekua bere kalietan barrena jun bihar da. Gure proposamena da Ego-Gain eta Azittain arteko kaliak oinezkuendako bihurtzia. Eta, Barrena kalian, Gabilondoneko tallarra bota, errekia berreskuratu, eta Alfa-San Andresen egin zan moduan, Barrena ibaiertzeko pasialeku bihurtzia.

Trena estaltziak badakaz bere onurak eta kaltiak. Baina benetan uste dot herri osuandako hobiak dirala Urkusua, Karmen, Barakaldo eta Barrena berreskuratuko daben proiektuak. Auzo bat birgaitzeko ezinbestekua da auzotarrekin harremanak onbideratzia.

Errebal Merkatu Plazaren auziak desilusioa eta, kasu batzuetan, haserrea eragin du herritarren artean. Zein irakurketa egiten du zuen alderdiak?

Udala kudeatzeko ulertu bihar da herrixa Udaletxia baino gehixago dala. Proiektuak ezin leikez aurrera eraman jendiari bizkarra emonda. Urtiak pasau doguz Merkatu Plaziari buruz eztabaida publikuan, baina udal politikari gehixenak ez dira Merkatu Plazara gerturatu eta ez dabe bertakuekin zuzenian berba egin. Ezagutu barik ezin leike ezer defendatu. Merkatarixak modu eskasian tratau dittue urtietan eta, azkenian, plaza barrixan postu danak hutsik geratzia lortu dabe. Zorixonez, basarrittar gehixenek hor jarraittu dabe, baina zailtasun mordua egon dira. Millioikadia kostau jaku eta gauza larregi galdu doguz bidian. Kaltia konpontzia ez da erreza baina, plazako bihargiñekin batera, egingo dogu.

Zeintzuk izan beharko lirateke, zure ustez, Industriaren aldeko politikak?

Lehenik eta behin harremana. Alkarlan eskasa eskintzen detsa Udalak industriari. Oindiokan be Eibarren jarduera industrial potentia dakagu eta hori bultzatu bihar dogu: horretxek enpresok Eibarren gero eta gehixago sustraittu, orduan eta fruitu gehixago emango deskue. Baina harrigarrixa egitten jata alderdi politiko batzuen jarreria: industriaren alde daguazela esaten dabe, baina lurzorua eskintziaren kontra dagoz. Eibar inbersiño-aukerak galtzen ari da lurzoru industrialik eskintzen ez dabelako. Hiri Antolamendurako Plan Nagusi barrixan EAJ bakarrik geratu da industriaren defentsan. Danok batera egin bihar dogu industriaren alde, eta Erisono ez da nahikua. Erisonon 16 millioi euro sartu dauz Eusko Jaurlaritzak alde publikua garatzeko, eta urtero urtero 7 millioi emoten detsa Teknikerri. Espainiako Gobernuak millioi bakarra prometidu dau Teknikerren lurra urbanizatzeko. Udala ez da inplikatu eta, gainera, trabak jartzen ari da Azittaingo eta Matsarixako industrialdiei zuku ataratzeko. Industriaren aldeko udal gobernu bat bihar dau Eibarrek. Hori da eskintzen doguna.

Nola uztartu daitezke, batetik, Eibarren oinezkoentzat espazioa lortzea eta, era berean, dagoen aparkaleku faltari erantzuteko neurriak aplikatzea?

Diglosi egoera batian euskeria eta gaztelania ez dagoz baldintza beretsuetan: oreka inposiblia da. Antzera gertatzen da hemen eta, zalantza barik, txikixari lagundu bihar jako: euskerian alde egitten dogun moduan, pertsonen alde egin bihar dogu. Apostu garbixa egin bihar dogu kalietatik ahalik eta trafiko gehixen kendu eta bizitzeko espaziuak berreskuratzeko. Gure aitxitxa-amamek ezagutu zittuen horrelako kaliak eta hori da etorkizuna. Hori posible egitteko, 3.000 aparkaleku perimetraletik gora planteatzen doguz, auzo guztixetan aparkaleku-arazua behin betiko konpontzeko eta oiñezkuendako espaziua lortzeko. Helburua da gure kaliak eta auzuak leku hobiak izatia bizitzeko. Gure nagusixek eta gaztiek kalidadezko espazio publikuak merezi dittue. Gaiñera, frogatuta dago hori ona dala merkataritza eta ostalaritzandako. Paradigma aldaketa bat emoten ari da mundu osuan eta Eibar ezin leike gehixago geldirik geratu. Geldirik egotia, atzian geratzia da. Guk aurrera egin nahi dogu.