We are apes, hello!: “Hizkuntzak musikalak dira, guztiz”

We are apes, hello!: “Hizkuntzak musikalak dira, guztiz”
2019/07/05 09:09
eta kitto!
Mikel Pizarro eibartarrak eta Andoni Conde ermuarrak osatzen dute We are apes, hello! taldea. Bikoteak Kaliforniako doinuak dakartza bere bigarren diskoan, ‘Archives of my memory’, Ez Dok tabernako lagunek sortu berri duten Junk! zigiluarekin atera duten lanean. Hilaren 24an Ermuako Martxoak 8 plazan joko dute eta euren lana plazaratzeko gogo biziz daude. Edonork eurekin kontaktuan jarri nahi badu, euren sare sozialetara jo (Facebook eta Instagram), weareapeshello@gmail.com helbidera idatzi, edo Junk!-en sare sozialetara edo Ez Dok tabernara jo dezake.

 

- Zer moduzkoak dira diskoa atera berriko sentsazioak?

Maiatzaren 10ean kaleratu genuen eta ziurgabetasunarekin bizi ditugu momentu hauek. Pozik gaude diskoak izan duen harrerarekin, jendeari gustatu egin zaiolako, baina orain parentesi batean gaude, linbo ederrean. Izan ere, jendeari diskoa gustatzen zaio, baina ez zaizkigu kontzertuak irteten. Zaila egiten zaigu zuzenean jotzeko aukera lortzea.

- Pozik zaudete diskoarekin?

Oso pozik! Primerako soinua du eta lortu nahi genuena lortu dugu. Gainera, kritika onak jaso ditu. Aintzat hartzen dugun jendeari gustatu egin zaio eta hori garrantzitsua da guretzat.

- Nolako soinua du diskoak?

90. hamarkada erdiko edo amaierako disko bat bezalakoa da, gaur egungo soinuarekin (sintetizadoreen moldaketekin eta abar). Pop musika da, rock oinarriarekin. Letrei garrantzia handia ematen diegu. Oso letra pertsonalak dira, %100. Horren erakusle da diskoaren izenburua (‘Archives of my memory’, nire memoriaren artxiboak). Letrez gain musika oso garrantzitsua da guretzat eta diskoak oso abesti indartsuak ditu. Gero, jendeak pentsa dezake bi lagunen artean zaila izango daitekela diskoa zuzenekoan defendatzea, baina ondo moldatzen garela uste dut, gure musika tresnez gain ordenagailua eta bestelako gauzak eramaten ditugulako.

- Orain dela urte bi maketa grabatu zenuten. Aldaketa egon da disko hartatik hona?

Konposizio aldetik ez, antzeko dinamika jarraitu dugulako lan egiteko orduan; baina soinu aldetik bai, azken lan hau profesionala delako.

- Nolakoa da zuen lan prozesuaren dinamika?

Letretatik hasten saiatzen gara abestiak sortzeko, gero musikak letrei esanahi bat emateko, baina batzuetan gitarrarekin riff on bat irteten zaizu eta garatu egiten duzu gero letra sartzeko. Lehenengo diskoan musikatik hasi ginen gehiago, hortik zer irtengo zen ikusteko, baina bigarrenean letrak egon dira sormenaren hasieran. Batek (Mikelek) letra gehienak egin ditu eta besteak (Andonik) doinua jarri die.

- Elkar ulertzen zareten seinale.

Horregatik sortu dugu taldea. Orihen taldean ezagutu genuen elkar eta taldeak atsedena hartzen zuenean gustoko genuen musika jotzen genuen. Bioi gustatzen zaigun estiloa da eta errazen irteten zaiguna.

- Abestiak sortzen dituzuenean zuzenekoetan nola joko dituzuen pentsatzen duzue?

Ez, abestian pentsatzen dugu, beste barik. Gero moldaketak egiten ditugu zuzenekoetarako.

- Ingeleraz abesten duzue. Zergatik?

Ingelerazko musika entzuten dugulako gehienbat. Gainera, gure musika estiloak Kalifornian du jatorria eta ingelesa ondo egokitzen zaio. Euskerazko abestiak egiten saiatu beharko genuke, musika estilo honetan ondo entzun daitekelako. Edozein hizkuntzak ez du balio musika estilo guztientzat, lagundu egin behar dute. Hizkuntzak musikalak dira, guztiz.

- Junk! zigilu berriarekin sortu duzue diskoa. Zer moduz?

Ez da gauza bera autoekoiztutako diskoa edo zigilu batekin egindako diskoa ateratzea. Zigilu bila genbiltzan eta Ez Dok tabernako Joseri komentatu genion. Eurek zigilu bat sortzeko asmoa zuten eta guk diskoa kaleratu nahi genuen, eta horrela sortu dira Junk! eta gure diskoa. Eurentzat gauza berria da eta pozik gaude elkarlanarekin. Guretzat familiakoak bezalakoak dira, ikusiko dugun noraino heltzen garen.

 

Argazkia: Aitor Zubizarreta.