Azaroan eta abenduan egingo diren 'Berrerabili eta berrasmatu' tailerretan izena emateko epea zabalik dago

Azaroan eta abenduan egingo diren 'Berrerabili eta berrasmatu' tailerretan izena emateko epea zabalik dago
2022/10/25 eta kitto!
Eibarko Udalak atzo zabaldu zuen ‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren bigarren txandan parte hartzeko epea; ikastaroek hondakinen berrerabilpena sustatu nahi dute. Izena emateko epea zabalik egongo da azaroaren 6ra arte, eta tailerrak azaroaren 17tik abenduaren 13ra bitartean egingo dira.



Bigarren txanda honetan zazpi tailer eskainiko dira. Azaroaren 17an, ‘Bizi bizikletaz!: mantenimendu kit aurreratua I’ tailerra egingo da; azaroaren 19an eta 26an “Biziberritu zure altzari eta dekorazio objektuak”; azaroaren 22an eta 29an eta abenduaren 5ean eta 13an “Etxeko oinarrizko konponketak:  elektrizitatea eta elektronika”. Azaroaren 24rako honako tailerra antolatu da: “Betiko sukaldaritza: aprobetxamenduko errezetak”; eta hurrengo egunean, “3R esperimentuak”, familiei zuzendua. Abenduaren 3an: “Pertsonalizatu etxeko paperezko poltsak”, 4 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendua; eta, azkenik, abenduaren 10ean: “Larruarekin jolasean: osagarri eta apaingarriak”.

Tailer hauetako batean parte hartu nahi dutenek —plazak mugatuak dira— aurrez eman behar dute izena, Udalaren webgunean edo Pegoran. Webgunean izena emateko esteka hauxe da: https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabilietaberrasmatu eta informazio gehiago eskuratu daiteke 943708408 telefonora deituta edo ingurumena@eibar.eus helbide elektronikoaren bidez. Izena emateko epea amaituta, azaroaren 8an, programarako bideratutako web-orrian argitaratuko da onartutako pertsonen zerrenda.

 

Orain arte 60 bat pertsonak hartu  dute parte
Programaren lehen txandari dagokionez, tailer batzuk egiten ari dira dagoeneko eta gainerakoak azaroaren 12ra arte egingo dira. Lehen txanda honetan bost tailer egin dira, eta guztira 61 pertsonak parte hartu dute. "Joan den urriaren 20rako programatutako tailerraren kasuan (Bizi bizikletan: oinarrizko mantentze-kita’), bertan behera geratu da jende gutxik eman duelako izena", azaldu dute.

‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerren programa bigarren urtez antolatu du Udaleko Ingurumen Sailak, erabilitako objektuak berrerabiltzea, birziklatzea eta konpontzea sustatzeko, balio erantsia emanez eta haien balio-bizitza luzatuz. Tailer hauekin, herritarrei tresnak eskaintze zaizkie beren sormena praktikan jarri eta kontsumo-ohituretan eragiteko, eta horrek zuzenean laguntzen du hondakin gutxiago sortzen, birziklatzea sustatzen eta jatorrian hondakinak behar bezala bereizten, ingurumena errespetatzeko jarrerak eta balioak garatzeaz gain.

Tailer guztiak Eibarko hainbat entitaterekin elkarlanean antolatu dira, eta haien instalazioetan egingo dira saioak, horretarako egokituta baitaude, eta, hortaz, beharrezko baliabideak dituzte. Entitate laguntzaile horiek tokiko sei saltoki dira (El Taller de Manualidades, Eskusutxo, Zorionak Ludoteka, Farmacook, Harixan eta Adarabar); horiez gain, Eibarko Klub Deportiboa eta Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua. Horrela, herritarrek Eibarren berrerabilera, birziklapena eta konponketa sustatzeko dauden espazioen kopurua eta aniztasuna identifikatu ahal izango dituzte.