Asola Berriko bolariek zenbait txapel irabazi dituzte Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketan

Garikotz Rodriguez hirugarren izan da, Elgetarekin jokatzen duen Bittor Astigarraga laugarren eta Arkaitz Rodriguez bosgarren
Asola Berriko bolariek zenbait txapel irabazi dituzte Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketan
2026/06/01 10:12
Ekhi Belar Errasti

Floreagako bolatokiak 55. Gipuzkoako Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketaren 10. eta azken jardunaldia jaso zuen larunbat arratsaldean. Emozio handiko eguna izan zen, dena zegoela erabakitzeko. 58 bolarik hartu zuten parte bertan eta eibartarrek oso lan txukuna egin zuten, zenbait txapel irabaziz.

Jardunaldia Lasturreko Jokin Arrizabalagak irabazi zuen zazpi txirlorekin. San Migeleko Jabier Osoro izan zen bigarren txirlo berdinekin eta Asola Berriko Arkaitz Rodriguez hirugarren sei txirlorekin. Gauzak horrela, sailkapen orokorraren lehen postuetan ez zen aldaketarik izan eta Gorka Madinabeitia aretxabaletarrak lortu du txapela bakarkakoan. Soraluzeko Jabier Martino izan da bigarren eta, gertu izan arren, Asola Berriko Garikoitz Rodriguezek hirugarren amaitu du. Gainera, Elgeta A taldeko Bittor Astigarraga eibartarra laugarren izan da eta Asola Berriko Arkaitz Rodriguez bosgarren. Rodriguez anaiekin jarraituz, Ganixek zortzigarren postuan amaitu du txapelketa.

Emakumezkoei dagokienez, Asola Berriko Enara Montiel izan da irabazlea, Isana Gorosabeli eta Olatz Aranori alde nabarmena ateraz.

Edadekoen sailkapenean, txapela Eibarrera etorri da kasu horretan ere, Bittor Astigarragak jantzi baitu. Eta ez da jantzi duen txapel bakarra, Bittor Ugartebururekin bikotekakoa ere eraman duelako.

Infantiletan ere, txapela Eibarrera etorri da, Ander Unamunoren buruan, hain zuzen ere. Gauzak horrela, eta eibartarren lan ederra ikusita, ez da harritzekoa taldekako sailkapena Asola Berri A-k irabaztea, San Joxepe A eta Elgeta A taldeen aurretik.

 

Lehendakari Saria Eibarren

Gipuzkoako Txapelketa amaituta, larunbat honetan Lehendakari Saria jokatuko da Asola Berriko bolatokian, 12:00etan. Lehiaz gain, omenaldiak ere egongo dira. Izan ere, tiraldiaren ondoren, bazkaria egingo dute Ixua jatetxean eta bazkalostean Bittor eta Jose Angel Astigarraga eta Bittor Ugarteburu eibartarrak omenduko dituzte.

Horren ondoren, Gipuzkoako Txapelketako sari banaketa egingo da, boloen egun handia izango den horretan.