Bittor Astigarraga eta Bittor Ugarteburu: “Asola Berri boloen sehaska izan da, hemendik irten dira lehengo onenak”

Oraindik lehia bizian daude Bittor Astigarraga ‘Pazi’ eta Bittor Ugarteburu ‘Caballo’, asteburu honetan amaituko delako 55. Gipuzkoako Hiru Txapelketa eta garaikurrak lortzeko aukerekin daudelako, baina gertatzen dena gertatzen dela, ospatzeko aitzakia izango dute hurrengo asteburuan, omenaldia jasoko baitute Ixuan, Jose Angel Astigarragarekin batera.
2026/05/28 15:30
Ekhi Belar Errasti

(Bideoa lantzen ari gara eta laister izango duzue ikusgai. Bitartean, elkarrizketa irakurri dezakezue)

 

Astigarraga anaiak eta Ugarteburu bizitza osoan ibili dira boloetan. Azken honen baserrian bolatokia zegoen eta, txikitatik lagunak izan direnez, euren jolastokia izan zen. Oraindik ere jolastokia da eurentzat, lehian aritzen den arren, lagun artean ibiltzeko aukera delako. Omenaldia ekainaren 6an jasoko dute, Asola Berrin jokatuko den Lehendakari Sariaren eta Ixuan egingo duten bazkariaren ondoren, baina horrek ez du esan nahi boloetan egiteari lagako diotenik. Nola ez, Asola Berrin elkartu bi Bittorrekin, baina Jose Angel ezin izan zen egon, hankan ebakuntza egin berri diotelako.

 

Nola iritsi ziren boloak zuen bizitzara?

ASTIGARRAGA: 5-6 urte nituenean, aitari asko gustatzen zitzaion boloetan egitea. Matsarian merendero bat zegoen, Asola Berri izenekoa, eta kasualitatez honen (Bittor Ugarteburu begiratzen du) aitxitxarena zen, eta han egin ginen lagunak. Han hasi nintzen boloa eskuetan hartzen, botatzen eta abar.

UGARTEBURU: Ni kalean jaio nintzen, baina 9 urteak bete arte han bizi izan nintzen eta betidanik ibili izan naiz boloetan. Astebururo lagunak etortzen ziren bazkaltzera, zerbait edatera eta boloetan egitera. Sasoi horretan denek egiten zuten boloetan.

Matsariakoa Asola Berri deitzen bazen, gero hona ekarri zenuten izena?

U: 1962an kalera bizitzera joan ginen eta Matsariako baserrian soziedadea egin zen, Asola Berri izenekoa, eta jendeak bertara joaten jarraitu zuen. 1968an, soziedadea egin zen hemen eta Matsariakoa saldu egin zuten.

Sasoi horretan jende asko ibiltzen zen boloetan? Orain baino gehiago ala gutxiago?

A: Orain ezberdina da. Hemen adibidez, jendea domeketan ibiltzen da boloetan batzuetan, baina lehen zapatuetan eta domeketan tirada mordoa egiten zen. Jende pila bat egoten zen. Ni mutikoa nintzen, baina gogoratzen dut 20 lagunetik gora ibiltzen zirela boloetan jo eta su, egun osoan zehar.

Bittor Ugarteburu aitxitxarekin Matsariako Asola Berri baserri zaharrean.

Nongo jendea zen?

A: Gehienak eibartarrak ziren. Soziedadeko jendea gehien bat, baina baita bazkide ez ziren batzuek ere, inguruko baserrietakoak. Hemen pasatzen genuen eguna.

Ikusten da zaletasuna bazegoela. Oraingehiago da lehiara begirako giroa? Ala eusten zaio lagunarteko giro horri?

A: Lehen eta orain, soziedadeko bazkideen arteko txapelketa egin izan dugu. Hortaz, lehia badago. Orain, herriz herri mugitzen gara txapelketetan eta jende dezente ibiltzen da.

U: Soziedadeko txapelketari eusten diogu, baina jende gaztea beste gauza batzuetan dabil eta gutxiago gabiltza.

Boloetan txikitatik ibili eta ia-ia berezkoa eduki arren, norbaitek erakutsi zizuen nola jokatu?

BIEK: Bai!

A: Adibidez, honen aitxitxa, umeren bat ikusten bazuen, beregana joaten zen erakustera. Nire aitak ere erakutsi zidan eta bertako jendeak ere esaten zizun gauzak nola egin. Horrela, poliki-poliki ikasten zoaz, besteek nola egiten duten begiratzen duzu. Gainera, boloa botatzen denean, bolatokiaren beste aldean norbaitek egon behar du boloa bueltatzeko, eta txikitan hori izaten zen gure lana. Milaka bola bota ditugu handik. Pezeta bat edo horrelako zerbait ordaintzen ziguten, eta horrekin txapak erosten genituen tiradak botatzeko. Poliki-poliki tirada gehiago egin genuen eta engantxatzen joan ginen.

Txapak behar zenuten tiradak egiteko?

U: Bai, kontrola eramateko, batez ere. Txapak kaja batera botatzen dira eta horrekin ikusten da zenbat diru jaso den, irabazleek zenbat eramango duten eta soziedaderako zenbat geratzen den. Izan ere, bolak edo txirloak erosi behar izaten dira, bolatokia ondo mantendu behar da...

Zein estilotako jokalariak zaretela esango zenukete?

A: Antzeko jokalariak gara biok. Botatzeko modua ezberdina dugu, baina nahiko antzera ibiltzen gara. Orain ere, Gipuzkoako Txapelketan, azken tiraldia gelditzen da eta txirlo gutxiko aldea dago bion artean. Bolari bakoitzak bere estiloa du, jendea ezberdina da eta norberak bere botatzeko modua du.

U: Batzuek polikiago botatzen dute, beste batzuek indar gehiagorekin...

A: Gero, bolatokien arabera ere ezberdina da. Batzuetan indar gehiago eman behar da, beste batzuetan gutxiago...

U: Bolatoki guztiak ezberdinak dira, baina txapelketako bola berdina izaten da. Orduan, ez da berdin portatzen toki guztietan.

Bittor Astigarraga da eskuetan untxia duen umea.

Txikiak zinenetik gaur egunera arte, jokatzeko modua aldatu egin dela igarri duzue edo nahiko antzerakoa da?

U: Azken urteetan, bolatokietan boloa suabeago irteten da, polikiago.

A: Gazteak ginenean, bolatokiak askoz ere zailagoa ziren. Asmo gehiago jarri behar zenuen, indar gehiago eman. Horregatik, guk indarrarekin botatzen ikasi dugu, baina suabe botatzen ere badakigu. Orain, gehiago dira bolatoki suabeak indartsuak baino.

Kirol honetan bereziki, esperientziak pisua duela uste duzue?

U: Bai, esperientzia oso garrantzitsua da. Hori bai, urteekin esperientzia irabazten duzu, baina indarra galdu (barreak).

Kirol gutxitan ikusiko da jende heldua eta oso gaztea elkarrekin lehian.

U: Bai, eta emakumezkoak ere, denok ibiltzen gara batera.

A: Emakumezkoei dagokienez, lehen oso gutxi ibiltzen ziren boloetan. Batzuk bazenbiltzan, baina ez dakit lotsagatik edo zergatik, baina txapelketetara ez ziren joaten. Orain, ostera, dozena bat gutxienez ibiltzen da. Bestalde, txapelketetan kategoriak egoten dira eta gu jubilatuak gara. Ba kategoria horretan 20 bat bolari ibiltzen gara, parte-hartzaile guztien % 30 inguru. Hori bai, jende gaztearekin lehian, aldea igartzen da. Bolatokian gu baino gehiago dira.

Beno, Gipuzkoako Txapelketan oso ondo zabiltzate!

A: Aurten bai. Azken tiraldian beherakada txiki bat eduki dugu, baina nahiko ondo moldatzen gara. Normalean lehen hamar sailkatuen artean ibiltzen gara.

U: Bikotekako sailkapenean aurrean gabiltza.

Bittor Ugarteburu

Asola Berriko bolarien artean nolako maila dago?

U: Ona! Normalean, txapelketetan beti egon ohi da Asola Berrikoren bat lehen sailkatuen artean.

A: Agian baten bati ez zaio esango dudana gustatuko, baina nire iritziz, hiru-txirlo mailan, Asola Berri boloen sehaska izan da. Hemendik irten dira lehengo bolari onenak, oraingo gazteak ere onenetakoa dira... Txikitatik elkartean boloetan ibili izanez gero, igarri egiten da.

Gaur egun, zelan praktikatzen duzue? Entrenatzeko elkartzen zarete?

U: Domeketan elkartu ohi gara, baina gero eta gutxiago. Lehen, zapatuetan eta domeketan etxera joan ezinda ibiltzen ginen, baina orain piskolabisa dagoen egunetan elkartzen gara bolak botatzeko.

A: Txapelketa dagoenean, tiraldiak zapatu arratsaldetan izaten dira eta batzuk eguerditik joaten gara entrenatzeko, zelan botatzen den ikusteko, eskua hartzeko...

Ekainaren 6an omenaldia jasoko duzue. Boloetan egiteari lagako diozuela esan nahi du horrek?

BIEK: Ezta pentsatu ere!

A: Ahal dudanera arte, boloetan egingo dut. Hori ikasi dut bizitzan eta asko gustatzen zait. Agian gero ez gara lehiatuko, baina zarata egitera joango gara.

Kirol honen enbaxadore ere bazarete.

A: Txapelketa batzuetan jendea gerturatzen zait aholku eske, nirekin asko ikasi dutela esan didate baita ere... Horrek poztasuna ematen dizu.

Hiru-txirloak zer eman dizue?

U: Giro sanoa egoten da beti, ez dago haserre handirik. Jokatzen dugu, batzuetan irabazi eta beste batzuetan galdu egiten dugu, denok gara lagunak...

A: Pike sanoa egoten da eta lagunak egiten dituzu. Lehiaketetan, zapatu eguerdietan joaten garenez, talde ezberdinetako 20 lagun inguru elkarrekin joaten gara bazkaltzera eta txantxetan ibiltzen gara. Lagun on asko egin ditut.

Nolako biziko duzue omenaldiaren eguna?

U: Gauza arraroa da omenaldia jasotzea.

A: Urduritasun pixka bat sentitzen dut, baina eguna heltzeko desiatzen nago eta ondo pasatuko dugula uste dut. Ez dakit omenaldia merezi dugun, baina tokatu zaigu.

Bittor Astigarraga