Debabarrena Ekinean ekimenak eskualdeko 60 ekintzaile bildu ditu Eibarren
Ekintzailetzako eragileen artean harremanak sortzea, esperientziak partekatzea, eta Debabarrenean sortzen ari diren proiektu berritzaileak ikusaraztea da eskualdeko ekintzaileei zuzendutako topaketa honen helburu nagusia. Debegesak antolatutako jardunaldiak parte-hartze instituzionalak, proiektuen aurkezpenak eta hausnarketarako uneak uztartu zituen. Topaketa Eibarko Udalaren laguntzarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu zuten.
Ekitaldia Vanesa Hortas Garapen ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziaren, eta Amagoia Paskual Debegesako Zuzendari Nagusiaren ongietorri instituzionalarekin hasi zen eta, jarraian, Debabarreneko ekintzailetza estrategiaren aurkezpena egin zuen Cristina Zumetak, Debegesako Berrikuntza, Ekintzailetza eta Enpresa departamentuko arduradunak.
Jardunaldiaren une nagusietako bat MAKE IN! programako pitching saioa izan zen, non hainbat ekintzailek euren proiektuak aurkeztuko zituzten. Besteak beste, Neety, Soladit, Neexis, SAI–3D, MGZ eta Urdin ekimenek hartu zuten parte, Debabarreneko ekintzailetzaren aniztasuna eta berrikuntza gaitasuna erakutsiz.
Azaldu dutenez, ekintzaileen eta zuzendaritzako profesionalen arteko laguntza (mentoring-a) oso errotuta dago Debabarrenean eta, horregatik, horri buruzko mahai-ingurua egin zen, “proiektu ekintzaileei laguntzeko prozesuan sortzen diren zailtasunak eta ikaskuntzak aztertzeko”. Beste gai batzueri buruz aritu eta gero, topaketa networking gune batekin amaitu zuten, lunch batez lagunduta. Bertan, parte-hartzaileek ideiak trukatzeko, sinergiak sortzeko eta Debabarreneko komunitate ekintzailea sendotzen jarraitzeko aukera izan zuten.