Debabarreneko 36 gaztek egin dute begirale ikastaroa ikasturte honetan
Debabarreneko bi taldek hartu dute parte 2025/26 ikasturtean Gaztetxoak Eskolako teknikariek eman duten begirale ikastaroan eta, orain, ikasleak praktikak egiten ari dira han eta hemen. Guztira, 36 lagun izan dira ikastaroa amaitu dutenak: Eibartik 11, Mutrikutik 3, Mendarotik 5, Debatik 3, Soraluzetik 7 eta Elgoibartik beste 7.
Praktikaldia bukatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak homologatutako ‘Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale’ titulu ofiziala eskuratuko dute eta, lortutako arrakasta ikusita, datorren ikasturtean ere ikastaroa eskainiko dute Debabarreneko udalek.
Datorren ikasturteko ikastaroa
Dagoeneko zabalik dago 2026/27 ikasturtean begirale ikastaroan izena emateko epea, irailaren 18ra arte. Kasu horretan ere euskaraz izango da eta, parte hartu ahal izateko, ikasleek 18 urte izan beharko dituzte atal teorikoa amaitzen denerako, hau da, 2027ko ekainaren 30erako. Horrela, ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako ‘Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale’ titulu ofiziala eskuratuko dute.
Ikastaroaren atal teorikoa urrian hasi eta maiatzean bukatuko da. Jarraian bi tutoretza saio izango dira. Atal teorikoa (150 ordu) era praktikoan gauzatuko da. Ikastaroan, gainera, asteburu osoko hiru irteera egingo dira. Praktikak: boluntario gisa bete beharreko 160 aisialdi-ordu izango dira.
Ordutegia honakoa izango da: larunbatetan 09:30etik 18:30era (ordu eta laurden bazkaltzeko) eta asteburu osoko hiru irteera (larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara). Larunbatetako saioak Debabarreneko bi herritan izango dira (izen-ematearen arabera).
Ikastaroaren prezioa 300 eurokoa izango da, da baina Debabarrenean erroldatuta daudenek matrikularen erdia ordainduko dute soilik, 150 euro. Izen ematea esteka honen bitartez egin daiteke. Informazio gehiagorako: 943 74 43 66.