Debabarreneko ekintzaile, merkatari eta enpresek hainbat laguntza dituzte eskura

Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru laguntza-programa jarri dituzte martxan, enpresa-sarea sendotu eta lehiakortasuna sustatzeko.
Debabarreneko ekintzaile, merkatari eta enpresek hainbat laguntza dituzte eskura
2026/09/14 13:54
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Debegesa Deba Beheko Ekonomia Garapenerako Elkarteak jakinarazi duenez, Debabarreneko ekintzaileek, merkatariek eta enpresek hainbat laguntza-programa dituzte eskura negozio berriak abian jartzeko, jarduerak modernizatzeko eta enpresa-sarea sendotzeko. Eibarko Udalak, Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak hiru deialdi jarri dituzte martxan, bakoitza helburu eta hartzaile ezberdinekin.

Ekintzailetza

Eibarko Udalaren ‘Ekintzailetza’ laguntza-deialdiak bi ildo jasotzen ditu. Lehenengoa edozein sektore ekonomikotan enpresa-proiektu berriak abian jartzera bideratuta dago, baita barne-ekintzailetzako prozesuetatik edo jarduera-eskualdatzeetatik sortutako proiektuetara ere. Laguntza 6.000 eurora artekoa izan daiteke, eta hainbat kasutan 10.000 eurora irits daiteke, besteak beste, lanpostuak sortzeagatik, sustatzaileen artean emakumeen presentziagatik edo enpresa Eibarko eremu, inkubagailu edo sektore estrategiko jakin batean kokatzeagatik.

Bigarren ildoa merkataritza-, ostalaritza- eta zerbitzu-sektoreetako enpresei zuzenduta dago, eta 2026an instalazioak lekuz aldatzeko edo modernizatzeko egindako edo egingo diren jarduketak laguntzen ditu. Gastuen % 50 finantzatu ahal izango da, gehienez 4.000 eurorekin; establezimendua eremu-, gremio- edo lanbide-elkarte bati lotuta badago, muga 4.500 eurora igoko da.

Eibarko Udalaren laguntza hauek eskatzeko epea urriaren 8ra arte egongo da zabalik.

MerkaEkin 2026

Eusko Jaurlaritzaren ‘MerkaEkin 2026’ programa merkataritza-ekintzailetzara bideratuta dago, eta bi laguntza-ildo ditu: ‘MerkaEkin Aholkularitza’ eta ‘MerkaEkin+’.

Lehenengoak aholkularitza espezializatua eta negozio-plana prestatzeko gastuak laguntzen ditu, gastuaren % 80ra arte eta gehienez 5.000 eurorekin. ‘MerkaEkin+’ programak, berriz, negozio berriak, jarduera berriak edo negozio-ildo berriak abian jartzeko eta enpresa-transmisiorako beharrezko gastuak eta inbertsioak laguntzen ditu. Inbertsioen % 80 finantzatu ahal izango da, 25.000 euroko mugarekin, eta proiektua abian jartzeko gastuetan, gehienez 7.500 euroko laguntza jaso daiteke.

Laguntza horiek eskatzeko epea irailaren 15ean amaituko da.

Enpresak Babesten

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ‘Enpresak Babesten’ programa, berriz, merkataritza txikia, mikroenpresak eta pertsona autonomoak ordezkatzen dituzten elkarte, federazio, talde eta bestelako erakundeei zuzenduta dago. Beraz, laguntza horiek ez zaizkie zuzenean establezimenduei edo autonomoei emango, horiek ordezkatzen dituzten erakundeei baizik.

Programaren helburuen artean daude lankidetza eta prestakuntza sustatzea, merkataritza-dinamizazioa bultzatzea, salmenta-kanal berriak irekitzea eta erakunde horien modernizazioa sustatzea. Proiektuko gastuen % 80 lagundu ahal izango da, gehienez 35.000 eurorekin; udalerri bat baino gehiagoko eremua hartzen duten edo sektore anitzeko erakundeen kasuan, muga 60.000 eurora irits daiteke. Modernizazio-proiektuetan, berriz, dirulaguntza % 30ekoa izango da.

Eskaerak aurkezteko epea irailaren 30era arte egongo da zabalik.