Debabarreneko enpresak, makina-erremintaren munduko erakusleihoan egongo dira hurrengo egunotan

Gaurtik, martxoak 2, ostiralera bitartean egingo da Makina Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa (BIEMH) BEC-en. Sektorearentzat hitzordu estrategikoa da, eta Debabarreneko enpresa askok bi urtez behin agendan gorriz markatzen duten ekitaldia. Batzuk erakusketari gisa, beste batzuk bisitari profesional gisa, baina gehienentzat aukera bera da: berrikuntza ikustea eta merkatuaren norabidea neurtzea. Debabarrena eskualdetik 25 enpresa inguruk hartuko dute parte erakusketari bezala aurtengo azokan (ikusi zerrenda).
Debabarreneko enpresak, makina-erremintaren munduko erakusleihoan egongo dira hurrengo egunotan
2026/03/02 10:13
eta kitto!

Gaur hasi da Barakaldo Exhibition Centre-n Makina Erremintaren Nazioarteko Biurteko (BIEMH) azoka, industria-sektoreko hitzordu nagusietako bat dena. Bi urtez behin antolatzen den nazioarteko azoka honek makina-erremintaren eta fabrikazio aurreratuaren arloko azken berrikuntzak erakutsiko ditu hurrengo egunotan, martxoaren 6ra arte. 

BIEMH industriako profesionalentzat soilik den topaketa da, eta automozioa, aeroespaziala, metalurgia edo ekipamendu-ondasunen sektoreetako ordezkariak bildu ohi ditu.  Antolatzaileen arabera, erreferentziazko azoka da bere espezialitatean eta Europako hirugarren garrantzitsuena. Bertan, sektoreko fabrikatzaile, inportatzaile eta banatzaile nagusiak elkartuko dira, makineria, tresneria, osagai eta automatizazio-soluzio berrienak aurkezteko. 

Aurtengo edizioak arreta berezia jarriko du robotikan, automatizazioan eta digitalizazioan, ekoizpen-prozesuen eraldaketan funtsezko arloak baitira. Azokan, gainera, makina handien zuzeneko erakustaldi teknikoak ikusteko aukera egongo da, industriako profesionalentzat balio erantsi handiko esperientzia eskainiz. 

 

Urkunde: Bezero eta lagunekin biltzeko aukera
Mendaroko Urkunde enpresak aurten ere parte hartuko du Makina Erremintaren Bienalean. Ibon Gorosabel enpresako ordezkariak azaldu duenez, azokak balio handia du enpresarentzat: "Azoka oso garrantzitsua da Urkunderentzat, bezero eta lagunekin biltzeko aukera oso ona delako eta bertan gure azkeneko berrikuntzak erakusteko aukera paregabea eskaintzen digulako". Enpresaren ustez, halako topaguneek harreman sarea indartzeko eta merkatuarekin zuzenean konektatzeko balio dute bereziki. Aurtengo edizioari begira, Urkundek produktu-eskaintza zabaldu du industri konektagarritasunaren esparruan. Bereziki azpimarratu dituzte kableak garraiatzeko kateak eta sistema modularrak –Energi Kit izenez ezagunak–, baita kableen arloan aurkeztuko dituzten berritasunak ere.

Sektorearen egungo egoerari dagokionez, enpresak ziurgabetasuna sumatzen du testuinguru geopolitikoaren ondorioz. "Egoera geopolitikoa oso nahastua dago eta horrek zailtasunak ekartzen dizkie gure bezeroei esportatzerako orduan", adierazi du.
Etorkizunera begira, Urkunderen erronka nagusia argi du enpresak: bezeroen behar aldakorrei erantzun egokia ematea. "Erronka beti bera da: bezeroen beharrei aurre egiteko ahalik eta soluzio aproposenak eskaintzea. Beharrak aldatzen joaten dira, eta erronka berri horien aurrean behar bezala erantzutea da gakoa; bezeroen asebetetzea da helburua", ondorioztatu du Gorosabelek. 

 

Innocut: Sektorearekiko konpromisoa sendotzen
Ermuko Innocut enpresak aurten seigarren aldiz jarraian parte hartuko du Makina Erremintaren Bienalean, ZCC-CT bazkide komertzialarekin batera. Enpresak nabarmendu du hitzordu honek sektorearekiko duen konpromisoa sendotzen duela, bereziki txirbil-harroketa  bidezko mekanizazioaren esparruan.

Azokan, ebaketa-erremintetako berrikuntzak aurkeztuko dituzte, bezeroengana eta lankidetza berrietara gerturatzeko helburuarekin. Aurtengo joerei dagokienez, enpresak erreminta eraginkorrago eta iraunkorragoen aldeko apustua egin du, mekanizazio adimendun eta automatizatuetan integratzeko gai direnak. Era berean, gero eta garrantzitsuagoak dira energia-eraginkortasuna eta kostuen optimizazioa; ildo horretan kokatzen dira Innocuten azken garapenak, errendimendu handia prezio lehiakorretan eskaintzera bideratuak.

Etorkizunari begira, Innocuten erronka nagusia bere tamaina bikoiztea da, hazkunde organikoa eta erosketa estrategikoak uztartuz –lehen erosketaren itxiera gertu dutela aurreratu dute–. Aldi berean, hornitzaileen dibertsifikazioan eta balio erantsi handiko sektoreetan hazten jarri dute fokua, bereziki aeronautika, energia eta ekipamendu-ondasunen merkatuetan, hazkunde jasangarria bermatzeko.

 

Tekniker:  Merkatu estrategikoetan sendotzeko aukera
Makina Erremintaren Biurtekora joatea ez da erabaki puntual bat Teknikerrentzat, baizik eta denboran zehar sendotu den apustu estrategikoa da. Fabrikazio aurreratuaren arloan Espainian eta Europan erreferentziazko hitzordu historikotzat jotzen den azoka Euskadin bertan ospatzeak, gainera, garrantzi berezia ematen dio parte-hartzeari.

Zentro teknologikotik azpimarratzen dutenez, haien presentziak sektorearekiko konpromiso irmoa du oinarri. “Urte asko daramatzagu erakusketari gisa parte hartzen, topagune estrategikoa delako. Gure helburu nagusia merkatuan dugun presentzia indartzea, gure soluzioak ezagutaraztea eta bezero zein profesionalekin harreman zuzena izatea da”, azaldu dute.

Bienala, horrenbestez, lehen mailako erakusleiho gisa finkatzen da posizionamendua eta ikusgarritasuna sendotzeko. Baina haren balioa harago doa. “Funtsezko plataforma da negozio-aukera berriak identifikatzeko eta merkatu estrategikoetan dugun posizioa indartzeko”, nabarmendu dute, ekitaldiaren nazioarteko dimentsioa azpimarratuz.

Aurtengo edizioan, sentsorika kuantikoa izango da protagonista nagusietako bat. Teknikerrek diamantezko NV zentroak idazteko sistema bat aurkeztuko du, bere zentro teknologikoan osorik garatutako ekipoa. “Mugarri garrantzitsua da, sentsore integratuen belaunaldi berri bati atea irekitzen baitio; gailu konbentzionalek baino sentsibilitate handiagoz prozesuak monitorizatzeko gai diren gailuak dira”, adierazi dute.

Halako teknologia bat lehen mailako azoka-ingurune batean balioan jartzea, onartu dutenez, “erronka handia eta inpaktu handiko berrikuntzaren aldeko apustu argia” da.

Azokako presentzia ez da horretara mugatuko. Robotika kolaboratiboaren malgutasunarekin, industrializazio digitalaren garrantziarekin eta ohikoak ez diren substratuetan inprimatutako elektronikaren funtzionaltasunekin lotutako hainbat erakusgarri ere aurkeztuko dituzte, zentroak garatzen jarraitzen duen gaitasun teknologikoen erakusgarri.

Testuinguruari dagokionez, makina-erremintaren sektorea une konplexuan dago, nahiz eta aukerak ere ugariak izan. 2025ean 2.200 milioi eurotik gorako fakturazioa sendotu ondoren, sektoreak uzkurdura arina izan zuen aurreko urtearekin alderatuta, eskari globalaren hegazkortasunaren eta nazioarteko lehiaren presioaren ondorioz. Hala ere, eskaeren hazkundeak neurri batean konpentsatu du egoera hori, eta enpresa askori lan-karga eta epe ertaineko ikusgarritasuna bermatzen dizkie.

Datozen urteetara begira, Teknikerrek argi ditu erronka nagusiak: arlo estrategikoetan —fabrikazio aurreratua, doitasunezko ingeniaritza, mekatronika, material eta gainazal aurreratuak eta teknologia digitalak— duen maila teknologikoari eustea eta indartzea. Horri gehitzen zaio teknologia emergenteetan espezializazioa sendotzeko helburua, hala nola kuantikan, sare elektrikoen digitalizazioan edo gainazal funtzionaletan.

Ziurgabetasun globaleko testuinguruan, malgutasuna giltzarri izango dela diote. “Gure teknologiak bezeroen beharretara eta haien merkatuek eskatzen dituzten etengabeko aldaketetara egokitzeko gaitasuna funtsezkoa izango da”, nabarmendu dute.

Azkenik, talentuaren kudeaketa ere lehentasunezko ardatza da. Ikertzaileen prestakuntza eta etengabeko espezializazioa indartzea giltzarritzat jotzen dute, eta, aldi berean, osasunaren, espazioaren eta zientziaren industrietako sektore estrategikoetan presentzia handitzeko asmoa agertu dute, beren gaitasun teknologiko aurreratu eta berritzaileei balioa emanez.