Debabarreneko gazte asanbladek umorezko bideoekin deitu dute Elorrioko topaketetara
Debako, Mutrikuko eta Mendaroko gazte asanbladek maiatzaren 29an eta 30ean Elorrion egingo diren Euskal Herriko Gazte Asanbladen eta Gaztetxeen Topaketetan parte hartzera deitu dituzte sare sozialen bidez eskualdeko gazteak. Bi egunez, Euskal Herri osoko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideak elkartuko dira komunitatea sendotzeko eta gaztetxeen aldeko sarea indartzeko helburuz.
Topaketen atarian, Debako eta Mutrikuko gazte asanbladek sare sozialetan zabaldu duten bideo batean bi herrien arteko “bake-ituna” irudikatu dute, umore kutsuz, Elorriora elkarrekin joateko gonbita egiteko.
Mendaroko gazteek ere euren mezua zabaldu dute topaketetara joateko deia eginez. Sare sozialetan partekatu duten bideoan, “Mendaroko Gaztetxia defendau!” lelopean, Wazemank saioko “Salba ezazu xolomua” sketch ezagunaren parodia egin dute. Bideoan gaztetxeen defentsaren garrantzia aldarrikatu dute, tonu umoretsu eta ironikoarekin.
Antolatzaileen arabera, Elorrioko topaketek aukera emango dute Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak estutzeko, esperientziak partekatzeko eta etorkizuneko erronkei buruz hausnartzeko. Informazio gehiagorako, irakurri …eta kitto!-k egindako erreportajea.