Debabarreneko ikasleen artean STEAM bokazioak sustatzeko hitzarmena berritu dute Debegesak eta Hanna Instruments enpresak
Debegesa Debabarreneko Garapen Agentziak eta Hanna Instruments enpresak STEAM bokazioak sustatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute. Horrela, bigarren urtez jarraian, “Nesken egonaldiak enpresa industrialetan” programaren babeslea da Hanna Instruments. Sektoreko errealitatea Batxilergoko ikasleei hurbiltzea da programa horren helburua. Arduradunek diotenez, “Batxilergoko 1. mailako ikasleek bertatik bertara ezagutzen dituzte eskualdeko enpresetako industria-ingurunea, ekoizpen-prozesuak eta profil teknikoak, goiz batez. Lan merkatuaren benetako ezagutzan oinarritutako hautu profesionala erraztea da helburua”.
Hanna Instruments multinazional familiarra da, uraren kontrolerako eta analisirako tresnak fabrikatzen ditu eta elikagaien sektorean daude espezializatuak. Eibarko egoitzan, nazio mailako banaketaz gain, bezeroen neurrirako aplikazioak garatzen dituzte eta aplikazioen eta kalibraketen sail tekniko bat eta laborategi bat dute. Belaunaldi berriei enpresaren ateak irekitzeko eta industria-arloko benetako aukerak zuzenean erakusteko nahiari erantzuten dio ekimen honetan parte hartzeak.
Konpainiak nabarmendu duenez “oso garrantzitsua da txiki-txikitatik jardutea diziplina horiekiko interesa pizteko”. Miren Elexpuru enpresako zuzendari nagusiak adierazi duenez, “oraindik dauden oztopoak kulturalak dira nagusiki, eta beharrezkoa da interes hori sustatzea, joera horiek finkatu aurretik”.
Era berean, horrelako programei esker, gazteek lan-ingurunea bertatik bertara ezagutzeko eta dauden irtenbide profesionalak hobeto ulertzeko aukera dutela azpimarratu dute: “Ikasketetatik harago ikus dezaten nahi dugu, eta beren lan-errealitatea zein izango den uler dezaten; beraz, programa honetan parte hartzea aukera bat da haiengana hurbiltzeko”.
Bestalde, Debegesak oso positibotzat jotzen du Hanna Instruments bezalako enpresa konprometituen babesa, “hurbileko erreferenteak sortzen eta ekosistema inklusiboagoa eta lehiakorragoa eraikitzen laguntzen baitute”.