Debabarreneko ondarea, gertutik
Ondarea ez dago eraikin historikoetan eta museoetako objektuetan soilik: belaunaldiz belaunaldi transmititutako lanbideek, tresnek eta herrietako bizimoduari lotutako jakintzek ere osatzen dute. ‘Gure eskuetan’ lelopean, hainbat jarduera antolatu dituzte Debabarrenean ondare hori ezagutarazteko eta hura zaintzearen garrantzia azpimarratzeko.
Eibar: armagintzaren lanbideak, zuzenean
Bihar, urriaren 17an, ‘Gure ondarea sortzen duten eskuak. Armagintzaren lanbideak’ erakustaldia egingo dute Armagintzaren Museoan, 10:00etatik 13:30era. Doakoa izango da, eta euskaraz zein gaztelaniaz egingo dute.
Eibar armagintzaren gune garrantzitsua izan da, baina krisiek eta lege-aldaketek industria dibertsifikatzera eraman dute herria, eta tradiziozko lanbide batzuk gutxituz joan dira. Armas Grulla enpresako armagileek zuzenean lan egingo dute museoan, ofizio horien nondik norakoak erakusteko. Armagintzaren Museoak eta Eibarko Udalak antolatu dute jarduera. Informazio gehiago nahi duenak 943 70 84 46 telefonora deitu dezake.
Elgoibar: josteko makinak eta industria-ondarea
Makina Erremintaren Museoak hiru proposamen antolatu ditu azaroan, josteko makinen historia eta industria-ondarea ezagutarazteko.
Azaroaren 12an, ‘Josteko makinak: ondarea gure eskuetan’ mahai-ingurua eta kontzertua egingo dituzte, 18:30ean. Euskaraz eta doan izango da, baina aurrez izena eman beharko da. Gipuzkoako bost museotako ordezkariek josteko makinen ondare-balioa, belaunaldien arteko jakintzaren transmisioa eta genero-ikuspegia aztertuko dituzte. Informazio gehiago eta izena emateko, 688 76 44 76 telefonora deitu behar da.
Egun berean zabalduko dute ‘Sigma Bébé eta bere lagun txikiak’ erakusketa, abenduaren 18ra arte ikusgai egongo dena. Hogei josteko makina txikiz osatutako bilduman, SIGMAk 1959an merkaturatutako ‘Bébé’ modeloa dago. Etorkizuneko etxekoandreei josten ikasteko tresna gisa aurkeztu zuten, eta erakusketak haurren heziketari eta emakumeei nahiz gizonei egotzitako rolei buruz hausnartzeko aukera emango du. Astelehenetik ostiralera bisitatu ahal izango da, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Sarrerak bost euro balio du, eta erakusketa euskaraz zein gaztelaniaz dago.
Familientzako hirugarren proposamena azaroaren 14an izango da, 10:30etik 13:30era. ‘Familian bisita: ondarea gure eskuetan’ jardueran, museoko sutegia, mekanizazio-tailerra eta josteko makinen bilduma ezagutuko dituzte. Doakoa izango da, euskaraz zein gaztelaniaz. Informazioa eta izena emateko, 688 76 44 76 telefonora deitu daiteke.
Mutriku: arrain-kontserbak eta karobiak
Mutrikun, bi bisita gidatu egin zituzten urriaren 3an eta 10ean. Lehenengoan, ‘Mutrikuko arrain-kontserbak: lekuak eta oroitzapenak’, XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte herrian garrantzi handia izan zuen kontserba-industriaren historia ezagutu zuten. Portu inguruko lantegiek emakume askori eman zieten lana, eta Esparbela Historia eta Etnografia Elkarteko kideek eskabetxearen historia, kontserbatzeko teknikak eta lantegien bilakaera azaldu zituzten. Bigarren ibilbidean, ‘Mutrikuko karobiak eta mendiko labeak’ izenekoan, karobien funtzionamendua eta kareak baserri-munduan izandako garrantzia landu zituzten. Bi jarduerak doakoak izan ziren, euskaraz, eta Esparbela elkarteak eta Mutrikuko Udalak antolatu zituzten.
Ermua: organo barrokoaren historia
Urriaren 3an, ‘Ermuako doinu barrokoak’ bisita gidatua egin zuten Donejakue Apostoluaren elizan, euskaraz eta gaztelaniaz. Herritarrek Bizkaiko organorik zaharrenetako bat ezagutzeko aukera izan zuten. Andrés de Orbe y Elio kardinalaren mezenasgopean iritsi ziren erretaula eta organoa parrokiara, eta azken hori Eibarko Jose de Etxebarriak egin zuen.
Gaur egun, organoaren kaxa barrokoa eta kanpoko hodiak baino ez dira gordetzen; gainerako hodiak 1936ko Gerra Zibilean saldu zituzten.