EH Bilduk Zaldibarko zabortegian segurtasuna bermatzeko zein neurri hartu diren galdetu dio Jaurlaritzari

EH Bilduk Zaldibarko zabortegian segurtasuna bermatzeko zein neurri hartu diren galdetu dio Jaurlaritzari
2026/03/16 16:53
Irati Alvarez Malaxetxebarria

EH Bilduk Zaldibarko zabortegiaren egoerari buruzko azalpenak eman ditzala eta bertan segurtasuna bermatzeko zein neurri hartu diren argitu dezala eskatu dio Eusko Jaurlaritzari. Koalizioak azaldu duenez, duela gutxi jakin da zabortegian 29 akats larri atzeman direla, eta horrek ingurumenari eta osasun publikoari eragin diezaioketen arazoak sortzen ari direla.

EH Bilduren arabera, akats horien ondorioz lixibiatuak inguruko erreketara filtratzen ari dira, eta gas isuriak ere gertatzen ari dira. Egoera horrek eragina izan dezake Zaldibarko Eitzaga auzoan ez ezik, baita Ermuan, Eibarren eta inguruko beste herri batzuetan ere.

Koalizioak salatu du arazo horiek jasotzen zituen txosten bat Eusko Jaurlaritzak ezkutuan izan duela, eta beraiek izan direla horren berri eman dutenak. EH Bilduren ustez, egoera bereziki kezkagarria da, zabortegia duela sei urte erori ondoren egindako egonkortze lanen ostean azpiegitura “erabat utzita” geratu delako.

Horren aurrean, EH Bilduk hainbat galdera eta eskaera erregistratu ditu Eusko Legebiltzarrean informazio gehiago eskuratzeko asmoz. Era berean, alderdiak jakinarazi du Ander Goikoetxea legebiltzarkideak Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari galdetu diola zabortegiaren jabe den Verter Recycling enpresak zer neurri hartu dituen, eta lanen jarraipena egiten duen organoak zer egiteko izan duen. Halaber, enpresari zigor espedienterik ireki ote zaion galdetu du, eta zabortegia erori zenetik egin diren ur-neurketen datuak eta horien jarraipenari buruzko informazioa eskatu ditu.