Elgoibarko Institutuak botako du 2026ko San Bartolome jaietako txupinazoa
Elgoibarko Udalak 2026ko San Bartolome jaietako egitaraua aurkeztu du. Jaiak abuztuaren 23tik 29ra egingo dituzte, eta aurten Elgoibarko Institutuak botako du txupinazoa, ikastetxearen 50. urteurrena dela eta. Aurretik, ohi bezala, San Lazaro egoitzako adinekoei zapia jarriko diete.
San Bartolome egunean, abuztuaren 24an, meza nagusia, prozesioa eta soka-dantza egingo dituzte. Aste osoan zehar, berriz, adin guztientzako jarduerak izango dira: Txiki Eguna, Adinekoen Eguna, Haurren Eguna, Gazteen Eguna eta Baserritarren Eguna, besteak beste.
Musikak ere protagonismo handia izango du aurtengo jaietan. Kartelburuen artean izango dira SÜNE, Gozategi, Puro Relajo, Kaparrak eta ETS. Horrez gain, Elgoibarko Musikarien Elkarteko kide diren Muzak eta Alguillo eta Alkimistak taldeek ere kontzertuak eskainiko dituzte.
Kaleko ikuskizunek ere izango dute tokia egitarauan. Mauxitxa eta Ustekabe txarangek herriko kaleak girotuko dituzte, eta Trapu Zaharra, Rock Kalean, Deabru Beltzak eta Baltzola eta Lagunak taldeen emanaldiak izango dira. Erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten Erbuze konpartsak ere parte hartuko du jaietan, eta sokamuturra abuztuaren 25ean, 27an eta 28an egingo dute.
Jaiak prestatzerakoan herritarren parte-hartzea ere bultzatu nahi izan du udalak. Horretarako, kontzertuei eta jaietako programazioari buruzko galdetegia zabaldu zuen, eta hainbat bilera egin ditu herriko elkarte eta eragileekin.
Bestalde, azken urteetan martxan jarritako neurriak mantenduko dituzte jai inklusiboagoak eta seguruagoak sustatzeko. Hala, barraketan musikarik gabeko ordutegiak izango dira, Lekueder parkeko buruhandi gabeko gunea berriz prestatuko dute eta Gune Morea jarriko dute jendetza handiena biltzen den egunetan.
Aita Agirre plazan ere aldaketak izango dira aurten. Abereei eragiten dieten osasun-murrizketak direla eta, Limusin azokaren ohiko formatua moldatuko dute, eta abeltzaintza-ustiategi bakar bateko animalien erakusketa egingo dute. Horrez gain, tokiko nekazaritza eta gastronomia sustatzeko gunea ere izango da.
2026ko San Bartolome jaietarako aurrekontua 263.900 eurokoa izango da. Jaietako programa osoa uztailaren amaieran argitaratuko dute paperean eta formatu digitalean.