Erdi Aroko Azoka Xacobea egingo da lehen aldiz Eibarren urriko azken asteburuan
As Burgas Galiziako Etxeak eta Timbapirata Events Durangoko enpresak antolatu duten egitarauak hiru egunak beteko ditu, barixakuan goizeko 11:00etan hasi eta domeka gauera arte. Galiziako tradizioa eta Erdi Aroko iruditeria uztartuko ditu programak, adin guztietako herritarrei zuzendutako proposamen ugarirekin. Erakustaldiak egiteko tailerrak eta bestelako jarduerak bilduko ditu azokak, baita kaleetan zehar ibiliko diren musikariak, ipuin-kontalariak, antzezleak eta pertsonaia fantastikoak ere. Gaur goizean egindako aurkezpenean aurreratu dutenez, “besteak beste, armagin ibiltariak Erdi Aroko oinezko zaldunen eta mertzenarioen janzkerak erakutsiko ditu. Amalurraren istorioak eta Gzarkuk orkestra-gizon misteriotsuaren nahiz Sebastopoleko organo-jotzailearen agerraldiak ere izango dira”.
Azoka urriaren 30ean, ostiralean, 11:00etan zabalduko dute, eta Untzagako bi aldeak hartuko ditu. Ordu erdi geroago, erakusketak ireki eta, 12:00etatik aurrera, erakusketa-tailerrak hasiko dira. Arratsaldean Celtika, Grus Grus eta Artimaña taldeen emanaldiak izango dira; horrez gain, ipuin-kontalariak, musika ibiltaria eta merkatuan zehar ibiliko diren pertsonaiak egongo dira. Eguna amaitzeko, «El susurro de las llamas» su-ikuskizuna eskainiko dute Grus Grus eta Artimañak, eta herri queimada handi bat, Celtikak lagunduta, 22:00etan.
Larunbata, urriaren 31, egun nagusietako bat izango da. 10:00etan, Eibarko Galiziako Etxeko Os Galaicos erromesen desfilea izango da, eta, bertan, azokako kideek eta animazio-talde desberdinek hartuko dute parte. 11:00etan inaugurazio-pregoia izango da, Galiziako Etxearen eta Amalurraren eskutik, azoka, tailerrak, erakusketak eta ludoteka irekitzearekin batera.
Larunbatean zehar, musika-emanaldiak, ipuin-kontalariak eta Erdi Aroan girotutako eszenak izango dira, besteak beste, Baom eta Cuca elfa, armagin ibiltaria eta Celtikaren eta Ramalleiraren parte-hartzeekin. Galiziako kulturak protagonismoa izango du berriz ere arratsaldean, Galiziako Etxeko musika eta dantza-emanaldi ibiltariekin. Eguna amaitzeko, 21:15ean, «El susurro de las llamas» suzko ikuskizuna izango da, eta, ondoren, 22:00etan, queimada herrikoia.
Igandean, azaroaren 1ean, azokak 11:00etan irekiko ditu ateak. Os Galaicos taldearen musikak eta dantzek protagonismoa partekatuko dute ipuin kontalariekin, Celtikaren emanaldiekin eta hainbat pertsonairekin. Arratsaldean beste musika- eta antzerki-proposamen batzuk egongo dira, 20:15erako aurreikusita dagoen amaierako su-ikuskizunaren aurretik. Merkatua 21:00etan itxiko da.



