Enpresa berriak sortzeko aholkularitza eta dirulaguntzak eskainiko dituzte Debegesak eta Lanbidek
Debabarrenean enpresa-jarduera berriak abian jarri nahi dituztenei zuzendutako laguntza programa jarri dute martxan Debegesak eta Lanbidek. Ekimenaren bidez, negozio-proiektu berriak diseinatu, garatu eta merkatuan finkatzeko aholkularitza eta tutoretza pertsonalizatua eskainiko dituzte, baita 2.000 euroko oinarrizko dirulaguntza ere.
Laguntza Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera ekonomiko berri bat abian jarri nahi duten pertsonei zuzenduta dago, bereziki langabezian daudenei edo gehienez % 30eko lanaldia dutenei. Debegesaren eskutik, gutxienez hiru hilabeteko aholkularitza eta tutoretza prozesua egingo dute parte-hartzaileek, besteak beste, bideragarritasun-plana diseinatu eta garatzeko.
Dirulaguntzaren oinarrizko zenbatekoa 2.000 eurokoa da sustatzaile bakoitzeko. Horri % 15eko gehigarria gehituko zaio eskatzailea 18 eta 30 urte artekoa bada, eta beste % 15ekoa emakumea bada. Ordainketa bi zatitan egingo dute: % 60a bideragarritasun-plana onartu eta aholkularitza-prozesua hastean, eta gainerako % 40a Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta eman ondoren. Azken ordainketa prozesua amaitu eta gehienez hiru hilabeteko epean egingo dute.
Eskaerak aurkezteko epea
Eskaerak azaroaren 17ko 12:00ak arte aurkeztu ahal izango dira, Debegesako harreran (Azitain industrialdea, 3-bis, Eibar). Izapideak aurrez aurre egin beharko dira, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.
Eskatutako dokumentuen artean daude eskaera-orria, bideragarritasun-planaren lehen bertsioa, NANaren kopia, errolda-ziurtagiria eta lan-bizitzaren agiri eguneratua.
Informazio osoa Debegesaren webgunean dago eskuragarri: debegesa.eus. Zalantzak argitzeko, 943 82 01 10 telefono zenbakira deitu edo ekintzaile@debegesa.eus helbidera idatz daiteke.

