Ermua eta Eibar arteko trenbide-saihesbidearen azterlana esleitu dute

Dair Ingenieros enpresak egingo du proiektua, 560.016 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko epearekin
Ermua eta Eibar arteko trenbide-saihesbidearen azterlana esleitu dute
2026/10/16 11:11
Ekhi Belar Errasti

Euskal Trenbide Sareak (ETS) Ermuko eta Eibarko Unibertsitateko geltokien arteko trenbide-saihesbidearen trazaduraren informazio-azterlana idazteko lanak esleitu ditu. Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen erakunde publikoak Dair Ingenieros S.L. enpresari esleitu dizkio lanak, 560.016,10 euroko aurrekontuarekin eta 15 hilabeteko egikaritze-epearekin.

Azterlanak Bilbo eta Donostia lotzen dituen trenbide-linearen zati bat hartzen du, Ermuko eta Eibarko Unibertsitateko geltokien artekoa. Proiektuak bi kilometroko trenbide-bikoizketa egitea aurreikusten du, baita Errotabarriko eta San Lorentzoko geralekuak geltoki berri batekin ordeztea ere.

Egun, trenbide bakarrak, elkarren ondoko bi geralekuk eta bi trenbide-pasagunek mugatu egiten dituzte tarte horretako ustiapen-aukerak, segurtasuna eta trenbidearen hiri-integrazioa. Gainera, Ermuko orografia konplexuak eta hiri-garapen handiak baldintza geometriko eta geotekniko bereziak ezartzen dituzte. Horregatik, bikoizketa eta trazaduraren hobekuntza egiteko alternatibak aztertuko dituzte, irizpide teknikoak, operatiboak eta ingurumenekoak kontuan hartuta.

Bi trenbide-pasaguneak kentzea ere lehentasunezko helburua da. Bata San Lorentzoko pasagune automatizatua da, ibilgailuen trafikorako; bestea, Errotabarriko oinezkoen pasagunea, izen bereko geralekuaren inguruan dagoena. Horiek ezabatzeak trenbidearen segurtasuna eta hiriaren iragazkortasuna hobetzea du helburu.

Informazio-azterlanak korridorearen ezaugarri geologiko eta geoteknikoak zehaztu beharko ditu, baita trazadurarako alternatibak definitu, etorkizuneko trenbide-ustiapenaren funtzionamendua aztertu eta eragindako zerbitzuak identifikatu ere. Zerbitzu horiek berriz ezartzeko aurretiazko proposamena ere jaso beharko du.