Ermuko Udalak dio EH Bilduk ez zuela Zaldibarko zabortegiari buruzko mozioa formalki aurkeztu

Udal gobernuaren arabera, EH Bilduk bidalitako dokumentua zirriborro bat zen, eta bertan jasotako eskaerak udalak Eusko Jaurlaritzari lehenago helaraziak zizkiola adierazi du.
Ermuko Udalak dio EH Bilduk ez zuela Zaldibarko zabortegiari buruzko mozioa formalki aurkeztu
2026/07/16 13:19
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ermuko Udalak erantzun die EH Bilduk aste honetan Zaldibarko zabortegiaren inguruan egindako adierazpenei. Ohar baten bidez azaldu duenez, koalizio subiranistak aipatutako mozioa ez zen inoiz formalki erregistratu udalean, eta, ondorioz, ez zen osoko bilkuran eztabaidatu edo bozkatu.

Udal gobernuaren esanetan, EH Bilduk PSE-EEri zirriborro bat helarazi zion baloratu zezan eta antzeko ekimenak beste udal batzuetara zabaltzeko asmoz. Hala ere, sozialistek erabaki zuten ez eramatea osoko bilkurara, dokumentuan jasotako eskaerak udalak berak aurretik lantzen ari zirela iritzita.

Horren harira, udalak gogorarazi du alkateak joan den apirilean bilera egin zuela Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordearekin, Zaldibarko zabortegiaren kontrolen inguruko informazioa eskatzeko, antzemandako gabeziak argitzeko eta erakundeen arteko koordinazioa indartzeko.

“Ez genuen moziorik baztertu, mozio hori ez zelako inoiz aurkeztu”, adierazi du udal gobernuak. Gaineratu duenez, mozioa osoko bilkurara eramateak ez zukeen ekarpen berririk egingo, alkateak eskaera horiek aurrez Eusko Jaurlaritzari helaraziak baitzizkion.

Bestalde, udal gobernuak deitoratu du EH Bilduk udalaren jardunaren inguruko irudi okerra ematea. Haren esanetan, koalizioak iradoki nahi du udalak ez duela segurtasunaren eta gardentasunaren alde egin, nahiz eta gai horren inguruko kudeaketak lehenagotik martxan egon.

Bestalde, PSE-EEren esanetan, EH Bilduk ez du aipatzen Zaldibarko zabortegiaren auziaren harira martxan dagoen ikerketa judiziala. Sozialistek gogorarazi dutenez, 2020ko luiziaren aurretik Zaldibarko alkatea zen EH Bilduko ordezkaria ikertuta dago hirigintza arloko ustezko erantzukizunengatik, eta, aldi berean, errugabetasun-presuntzioa errespetatu behar dela nabarmendu dute.

Azkenik, Ermuko Udalak berretsi du Zaldibarko zabortegiaren inguruko informazioa eta kontrol-neurriak eskatzen jarraituko duela erakunde eskudunen aurrean.