Euskal dantzaren transmisioa eta etorkizuna aztergai, Eibarren

Dantzan Topaketak 2026 jardunaldia egingo dute azaroaren 7an Markeskoa jauregian. Transmisioa, genero-desberdintasunak eta dantzarien osasuna izango dituzte hizpide, besteak beste.
Euskal dantzaren transmisioa eta etorkizuna aztergai, Eibarren
Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Idoia Lahidalga - Dantzan CC-BY-SA
2026/11/02 14:47
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Euskal dantzaren inguruko esperientziak, ikerketak eta erronkak partekatzeko elkartuko dira sektoreko hainbat lagun azaroaren 7an Eibarren. Dantzan Topaketak 2026 jardunaldia Markeskoa jauregian egingo dute, 09:30etik 17:30era, Dantzan elkarteak, Dantzaguneak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta.

Bosgarren edizio honetan, hainbat gai landuko dituzte: herri-kulturaren transmisioa hezkuntzan, adinekoen dantza-praktikak, genero-desberdintasunak eta dantzarien osasuna, besteak beste. Dantza berriek tradizio bihurtzeko zer behar duten ere aztertuko dute, eta nazioarteko esperientziak ezagutzeko aukera izango da.

Goizeko egitaraua herri-kulturaren transmisioari buruzko saioarekin hasiko dute. Alaitz Aizpuruk, Aritz Ibañezek eta Johañe Etxebestek hezkuntzaren eta euskal kulturaren arteko harremana izango dute hizpide. Ondoren, adinekoen dantza-praktikek dakartzaten onurak aztertuko dituzte Nekane Arriaga dantza-irakasleak eta Maialen Araolaza fisioterapeuta eta ikerlariak.

12:15ean, Puntuka tartean, lau gai jorratuko dituzte. Kepa Otaegik dantza berri bat tradizio bihurtzeko gakoak aztertuko ditu; Anartz Ormazak, berriz, Bakioko Itxas Alde dantza taldearen mendeurreneko ezpata-dantza aurkeztuko du. Leire Aldekoa-Otalorak Durangaldeko euskal dantzetako genero-desberdintasunak izango ditu aztergai, eta Mikel Sarriegik Musika eta dantza pintzelkadak proiektua aurkeztuko du.

Arratsaldean, Estoniako Tantsupidu dantza-jaialdia izango dute aztergai Iñaki Ahedo eta Arkaitz Pascuas dantzariek. 15:30ean hasiko den saioan, jaialdiaren transmisio-eredua, partaidetza, komunitatea eta korpus koreografikoa izango dituzte hizpide.

16:15ean, euskal dantzan lesioak prebenitzeko moduaz arituko dira Jaime Zubero eta Unai Iraola, bi ikerlanen emaitzak aurkeztuta. Maialen Araolazak gidatuko du saioa.

Jardunaldia amaitzeko, Oier Araolazak Kontrapasa eta Sautrela: Ialgi hadi dançara saioa eskainiko du, 17:00etan hasita.