Itzuliaren etapa erregina Eibarren jokatuko da
Eibarko Udaletxean aurkeztu dute gaur, otsailak 11, 2026ko Itzulia Basque Country txirrindularitza lasterketaren ibilbidea. Bertan, atzo aurreratu genuen ibilbidea konfirmatu dute antolatzaileek, Javier Riaño OCETA elkartearen arduradun eibartarraren berbetan.
Berritasun bezala, aurtengo azken etapa ez da Eibarren jokatuko, Antzuola eta Bergara artean baizik, baina ez gara txirrindularitza gosez geratuko, bosgarren etapa jokatuko delako gurean. “Etapa erregina”, Riañoren iritziz.
Itzulia apirilaren 6an hasi eta 11n amaituko da. Txirrindulariek 810 kilometro egingo dituzte guztira sei etapatan banatuta, 16.154 metroko desnibel metatua gainditu beharko dute eta 269 mendi igo (lau lehen mailakoak, zazpi bigarrenekoak eta 18 hirugarrenekoak).
Sei etapa
Erlojupekoarekin hasiko da 2026ko Itzulia, 2021ko ibilbide berdinarekin. “Pandemiaren sasoian egin zenez, ezin zen publikorik egon izan eta aurten festa bat izatea nahi dugu”, Riañoren berbetan. Ez da erlojupeko luzea izango eta faboritoen artean ez da aldaketa handirik egotea espero. Helmuga Etxeberria parkean egongo da eta hara igotzeko malda gogorrari egin beharko diote aurre.
2- Iruñea – Mendukilo kobazuloa (164,1 km)
3.300 metrotik gorako desnibel metagarria dauka, luzea bezain iraunkorra da eta, amaiera txundigarria ez bada ere, ezin nekagarriagoa izango da. Bidean Aralarko San Miguel igo beharko dute Uharte-Arakiletik doan hormigoizko pistatik.
3- Basauri – Basauri (152,8 km)
“Etapa urduria izango da”, Riañoren iritziz. 2.900 metroko desnibel metatua du eta hainbat igoera egin ondoren, Basauriko Basozelai auzoan amaituko dute %16 eta %19 arteko maldak igoz. “Josean Fernandez ‘Matxin’-entzat berezia izango da, auzo horretan jaio zelako”, azaldu du antolatzaile eibartarrak.
4- Galdakao – Galdakao (167,2 km)
Igor Anton txirrindulari ohiak diseinatu du etapa hau eta, antolatzaileen berbetan, “Bizkaiko ohiko etapa izango da, igoera eta jaitsiera askorekin”. Izan ere, ibilbidearen erdialdean, Galdakaora berriz iristean, bukle moduko bat egingo dute Vivero bi alditan igoz, “lehenengoa inoiz igaro ez dugun pista batetik”. Lasterketa Salve auzoan amaituko da: “600 m-ko igoera izango dute helmugara heltzeko”.
“Aurtengo Itzuliako etapa erregina izango da”, Riañoren hitzetan. Lasterketaren garaipena ez da gurean zehaztuko, baina etapa erabakigarria izango da sailkapen orokorrerako. 3.841 metroko desnibel metatuarekin, birritan pasako da Eibartik (Orbetik Krabelinera igoko dira lehenik eta gero Arrateko bidetik Ixuara), hirugarrenean Toribio Etxebarriako helmugan amaitzeko.
6- Goizper-Antzuola – Bergara (135,2 km)
Aurreko egunak baldintzaturiko etapa izango da. Eibarko etaparen ondoren, talde batzuek euren postuei eusteko egingo dute lan eta beste batzuek sailkapenari buelta eman nahiko diote. Gauzak horrela, etapa gogorra izango dute aurretik, 3.000 m-tik gorako desnibel metatuarekin.
Parte-hartzaileak
Oraindik ez dute zehaztu zein txirrindulari etorriko diren Itzulian lehiatzera, “aipatzen den guztia estraofiziala da”, Riañok dioenez, baina “parte-hartze ona” izatea espero dutela azpimarratu du. “Aipatu digute Primoz Roglicek etorri nahi duela azken agurra emateko, Ion Izagirrek ere agur esan nahi diola lasterketari... Zuzendariek talde indartsuak ekarriko dituztela esan digute, baina oraindik egunak falta dira eta txirrindulariei edozer gauza gerta dakieke”, adierazi du eibartarrak.
Gauzak horrela, eta denboraldia hasi aurretik adierazitako planei kasu eginez gero, txirrindulari hauek egongo lirateke Bilboko hasieran: Isaac Del Toro (UAE), Juan Ayuso eta Mattias Skjelmose (Lidl-Trek), Primoz Roglic eta Maxim Van Gils (Red Bull - Bora), Paul Seixas (Decathlon), Mikel Landa eta Ethan Hayter (Soudal - Quick Step), Cian Uijtdebroeks (Movistar), Antonio Tiberi (Bahrein), Ion Izagirre eta Alex Aranburu (Cofidis), Julian Alaphilippe (Tudor), Ben Tullet (Visma), Axel Laurance (Ineos), Tobias Halland Johannesen eta Magnus Cort (Uno-X), eta Sergio Higuita eta Harold Tejada (XDS Astana).