‘Izengabeak’ Debabarreneko musika-taldeen lehiaketaren 2. edizioan parte hartzeko epea zabalik dago

Taldeak aukeratu ondoren, zuzeneko emanaldiak irailaren 18an eta 19an egingo dira
‘Izengabeak’ Debabarreneko musika-taldeen lehiaketaren 2. edizioan parte hartzeko epea zabalik dago
2026/02/23 16:43
Ekhi Belar Errasti

Aurten II. edizioa egingo du ‘Izengabeak’ musika-taldeen lehiaketak Eibarren, eta musika zaleek berriro izango dute aukera talentu gazte eta sortzaileak zuzenean entzuteko eta ikusteko. Lehiaketa honen helburua Debabarreneko musika-talentua aurkeztea eta nabarmentzea da, estiloen aniztasuna eta originaltasuna baloratuz.

Parte hartzeko gonbitea egin zaie talde eta bakarlariei, eta aurreko edizioan bezala parte-hartzaileek euren sormen lana zuzeneko emanaldietan aurkeztu ahal izango dute. Horrela, antolatzaileek parte hartuko duten taldeak aukeratu ondoren, zuzeneko emanaldiak egingo dituzte irailaren 18an eta 19an, Untzaga plazan.

 

Sariak eta izen ematea

Sariei dagokienez, irabazleak 2.000 euro irabaziko ditu eta Legarreko Musika Sormen Zentroan 50 estudio-ordu izateko aukera izango du; eta bigarrenak 1.000 euro eta 50 estudio-ordu jasoko ditu. Gainera, 500 euroko sari bereziak ere emango dira euskarazko kantu onenari eta Eibarko talde onenari.

Izen-ematea zabalik dago eta 2026ko maiatzaren 17ra arte egin ahal izango da, esteka honetan eskuragarri dagoen online-formularioaren bidez.