Izengabeak lehiaketaren bigarren edizioa aurkeztu dute
Bueltan da Izengabeak musika-taldeen lehiaketa. Bigarren edizioa izango du aurten, eta zazpi taldek zuzeneko emanaldiak eskainiko dituzte barixakuan eta zapatuan, irailaren 18an eta 19an, Untzaga plazan. Lehiaketaren aurkezpena gaur egin dute Portalean, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak.
Izengabeak Eibarko Udalak eta Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak (AMJE) sustatutako ekimena da, Debabarreneko gazte musikarien lana ezagutaraztea eta zuzeneko musika sustatzea helburu duena. Lehiaketara aurkeztutako taldeek askotariko musika-estiloak jorratzen dituzte.

4 sari guztira
Izengabeak lehiaketaren bigarren edizioan lau sari banatuko dira. Lehenengo sailkatuak 2.000 euro eta Legarreko estudioan grabatzeko 50 ordu jasoko ditu; bigarrenak, berriz, 1.000 euro eta 50 orduko grabazio-saioa. Horrez gain, 500 euroko bi sari berezi emango dituzte: bata Eibarko talde onenari, eta bestea euskarazko kantu onenari.
Walter Tuzzeo gogoan
Walter Tuzzeoren figura izan dute gogoan aurkezpenean, Eibarko musika-eszenari egindako ekarpena nabarmenduz. Soinu-teknikari eibartarraren omenez, Legarreko estudioei Walter Tuzzeo Sormen Zentroa izena jarri zieten apirilean, haren ibilbidea eta musika munduari egindako ekarpena aitortzeko.
John Williamsen musika, zapatuan
Musikarekin lotutako beste hitzordu bat ere izango da asteburuan. Eibarko Musika Bandak John Williams konpositorearen piezak joko ditu zapatuan, 22:00etan, Untzaga plazan. San Juan jaietan egitekoa zen emanaldia da, eta oraingoan pelikulen irudiak ere izango dituzte lagun. Kontzertuan, besteak beste, Williamsen filmen soinu-bandetako piezak entzungo dira, eta pantaila batean proiektatuko dituzte horiei lotutako irudiak.