Kataluniako ordezkaritza bat Debegesan izan da erakundeen arteko lankidetza-eredua aztertzeko
Kataluniako ordezkaritza bat Debabarrenera etorri da Debegesak eskualdeko garapen-agentzia gisa duen jarduna eta erakundeen arteko lankidetza-eredua ezagutzeko. Generalitateko, Amposta eta Oloteko udaletako eta Garrotxako DinàmiG garapen-agentziako ordezkariek parte hartu dute bisitan, Katalunian antzeko agentzia- eta gobernantza-eredu bat ezartzeko aukerak aztertzeko.
Irailaren 24an egin zuten bisita, eta Debegesaren egoitzan hasi zuten jardunaldia. Bertan, garapen-agentziek azken urteotan izan duten bilakaera azaldu zieten: administrazioek diseinatutako programak gauzatzera mugatzetik, lurraldeko politika publikoen diseinuan ere parte hartzen duten eragile izatera igaro dira.
Lan-saioan, Debegesak bultzatutako hainbat esperientzia aurkeztu zizkieten, besteak beste, 'Elkar-ekin Lanean', gizarteratze eta laneratzerako lankidetza-eredua, eta 'Eskualdeak', sustapen ekonomikoaren arlokoa. Bereziki, prestakuntza-, orientazio- eta laneratze-ibilbideetan egindako lana ezagutzeko interesa agertu dute Kataluniako ordezkariek.
Debabarreneko proiektuak ezagutzen
Debegesako lan-saioaren ondoren, ordezkaritzak Debabarreneko hainbat proiektu bisitatu zituen, 'Debabarrena Berritzen' programaren barruan garatutako esperientziak ezagutzeko. Programa horren helburua da bazterketa-arriskuan dauden gazteak gizarteratzea eta lan-merkatuan txertatzea.
Soraluzeko Olaldea Zentroa izan zen lehen geldialdia. Industria-eraikin zaharra prestakuntza-zentro bihurtu dute, eta bertan Lanbidek homologatutako hainbat gela dituzte, profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestakuntza eskaintzeko.
Ondoren, Elgoibarko Sigma auzoa bisitatu zuten. Bertan, Sigma josteko makinen enpresaren inguruan sortutako langile-auzo historikoaren birgaitze integrala ezagutu zuten.
Kataluniako ordezkaritzaren buru Generalitat de Catalunyako Laneko idazkari Paco Ramos Martín izan da. Ampostako Udalaren ordezkaritzan Núria Ferré Cardona eta Núria Marco Selma zinegotziak izan dira, eta Oloteko Udalaren taldean, berriz, garapenaren eta auzo-planen arloko hainbat arduradun. Garrotxako DinàmiG garapen-agentziako ordezkariak ere bertaratu dira.