Klub Deportiboko eta Morkaiko mendizale elkarteko 20 lagun Pirinioetan izan dira

Bi eguneko irteeran 2.000 metrotik gorako zenbait tontor igo dituzte, tartean Gabas, Acuta eta Gorreta d’os Gabachos
Klub Deportiboko eta Morkaiko mendizale elkarteko 20 lagun Pirinioetan izan dira
Mendizaleak Gorreta de los Gabachos tontorrean.
2026/09/30 10:42
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko eta Elgoibarko Morkaiko mendizale elkarteko 20 lagunek Pirinioetara jo zuten asteburuan, eta bi eguneko ibilbidea egin zuten hainbat tontorren artean. Eguraldi beroa izan arren, taldeak bi jardunaldi “zoragarri” bizi izan zituela azaldu du Deporreko Mendi Batzordeak.

Larunbatean, goizeko 05:00etan abiatu ziren Eibartik eta, Puente la Reinan gosaldu ondoren, Hechora joan ziren. Bertan hasi zuten lehen ibilbidea, eta Gabarditoko aterpean amaitu zuten. Bidean, Ramírez (1.819 metro), Mentar (2.143), Acuta (2.149), Gabas (2.143) eta Puntal Alto de lo Foraton (2.154) tontorretatik igaro ziren.

Bigarren egunean, Gabarditon gosaldu ostean, Selva de Ozara joan ziren. Handik, Ferrerías dolmenetik (1.700 metro) eta Anzotiello lepoatik (2.014) igaro ondoren, Gorreta d’os Gabachos (2.268) eta Gorreta d’os Gabachos Norte (2.270) tontorretara igo ziren.

Azken tontorrean zerbait jan ondoren, Linzako aterperako bidea hartu zuten, Achar del Cabalotik (1.427 metro) igaroz. Bi egunetako ibilbideak amaituta, mendizaleek balorazio positiboa egin dute, nahiz eta bero handia izan den.