LGS propioaren aldeko Greba Orokorrari herritarrek emandako erantzuna arrakastatsua izan dela azpimarratu dute sindikatuek

Eibarren eguerdian egindako manifestazioan 4.000 lagun baino gehiago elkartu ziren.
LGS propioaren aldeko Greba Orokorrari herritarrek emandako erantzuna arrakastatsua izan dela azpimarratu dute sindikatuek
2026/03/18 12:31
Silbia Hernandez Arrazola

1.500 euroko gutxieneko soldata propioa Hego Euskal Herrirako, eta, oro har, soldatak igotzea, aberastasuna banatzeko. Aldarri horrekin irten ziren kalera atzo milaka langile Hego Euskal Herri osoan. Eguerdian Eibarren egin zen manifestazioak 4.000 herritar baino gehiago elkartu zituen. Aurretik, bi zutabe abiatu ziren, bata Urkizutik eta bestea Unibertsitate Laboraletik, biak Untzagan elkartu eta manifestazioa egiteko (ARGAZKIAK HEMEN). Arratsaldean Untzagatik irten zen manifestazioak ere parte-hartze zabala izan zuen.
Sindikatuen arabera Martxoaren 17ko Greba Orokorraren arrakasta berretsi da mobilizazio masiboetan: Bilbo (45.000), Donostia (30.000), Gasteiz (15.000), Iruñea (10.000), Eibar (4.000) eta Tutera (600).
Negoziazio kolektiboaren bidez gutxieneko soldata bertan negoziatzeari patronalak emandako ezezkoaren aurrean, eta Herri Ekimen Legegileari EAEko zein Nafarroako Gobernuek emandako ezetzaren aurrean LAB, ELA, STEILAS, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba deialdiak oso jarraipen zabala izan duela adierazi dute sinidikatuetako ordezkariek. Atxikimendu oso zabala izan zuen atzorako sindikatuek egindako greba deialdiak: 1.750 enpresa komite eta pertsonal batzorderen babesa zuen, eta 100 eragile baino gehiagorena ere bai.
Sindikatuek adierazi dutenez, “atzokoa, gainera, bada gerraren kontrako eta justizia sozialaren aldeko greba ere. Bizitzaren garestitzeari aurre egiteko neurriak eskatu ditugu, aberastasuna banatzea. Greba orokorrak bultzada sendoa eman dio gutxieneko soldataren borrokari, milaka langileren bultzadari esker LGS propioa lortzeko aukerek zabalik jarraitzen dute”.