Aspaldiko manifestaziorik handiena egin da gaur eguerdian Eibarren
‘Gutxieneko soldata hemen erabaki. 1.500 euro. Soldatak hobetu aberastasuna banatzeko’ goiburupean sindikatuek gaurko deitutako greba orokorraren jarraipena oso zabala izaten ari da goizean goizetik. Gure herrian bertan, normalean baino askoz ere trafiko gutxiago dago, eta industrialdeetan ez ezik, herriko denda, taberna eta bestelako negozio gehienetan gaur ez dute lanik egin. Eguerdian Eibarren egin den manifestazioak jendetza batu du eta herrian aspaldi ikusi den mobilizazio handiena izan da. Eguerdia baino lehen, bi zutabe abiatu dira Untzagarantz, bata Urkizutik eta bestea Unibertsitate Laboraletik. Zutabe biak Untzagan elkartu eta herriko kaleak zeharkatu dituzte, Untzara ailegatu eta bertako ekitaldiarekin amaitzeko. Arratsalderako beste manifestazio bat dago deituta: 18:30ean irtengo da Untzagatik.



























































































































































































































































