Nerea Ibarzabal nagusitu da Eibarko finalaurrekoan

1.800 bertsozale inguru batu ziren zapatuan Ipuruako kiroldegian. Ibarzabalek 740 puntu lortu ditu, eta zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulirako.
Nerea Ibarzabal nagusitu da Eibarko finalaurrekoan
Ipuruako saioa, urriaren 31n. Argazkia: Euskal Herriko Bertsolazale Elkartea.
2026/11/02 11:27
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Nerea Ibarzabalek irabazi zuen joan den zapatuan, urriaren 31n, Eibarko Ipurua kiroldegian jokatutako Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoen lehen itzuliko bigarren saioa. Guztira, 1.800 bertsozale inguru elkartu ziren, sarrerak agortuta.

Ibarzabalek 740 puntu eskuratu zituen, eta, horri esker, zuzenean sailkatu da finalaurrekoen bigarren itzulirako. Azaroaren 28an kantatuko du Gasteizen. Gainerako bost bertsolariek, berriz, lortutako puntuazioaren arabera izango dute hurrengo itzulirako sailkatzeko aukera.

Honela geratu zen sailkapena, ariketa guztiak amaituta:

  • Nerea Ibarzabal Salegi: 740 puntu
  • Alaia Martin Etxebeste: 722 puntu
  • Miren Artetxe Sarasola: 713,5 puntu
  • Oihana Iguaran Barandiaran: 701,5 puntu
  • Nerea Elustondo Plazaola: 696 puntu
  • Asier Azpiroz Iztueta: 642,5 puntu

Saioko lanak epaitzen Ainhoa Arregi Elosua, Ander Arrien Aspiazu, Egoitz Iradier Martinez de Albeniz, Estitxu Agirre Agirre, Karlos Ibarguren Olalde, Lur Renteria Maleta eta Mikel Beaumont Arizaleta aritu ziren. Idazkari lanak, berriz, Itxaro Juaristi Olaetxeak eta Miren Itziar Basterretxea Olarreagak egin zituzten.

Hurrengoa, Gernika-Lumon

Finalaurrekoen hurrengo saioa azaroaren 7an izango da, Gernika-Lumoko Jai-Alai pilotalekuan, 17:00etan. Agin Laburu Rezola, Aitor Bizkarra Ruiz, Aitor Mendiluze Gonzalez, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola eta Joanes Illarregi Marzol ariko dira kantuan.

Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian.

1.800 bertsozale elkartu zituen Ipuruako saioak. Argazkia: ...eta kitto!