Obaneuke, Tapia eta Leturia eta Euskoprincess izango dira Itziarko Kopraixetako kartelburuak

Abuztuaren 1etik 5era egingo diren jaietan erromeriak, kontzertuak eta DJ emanaldiak izango dira egunero.
Obaneuke, Tapia eta Leturia eta Euskoprincess izango dira Itziarko Kopraixetako kartelburuak
2026/07/24 12:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Musika izango da protagonista abuztuaren 1etik 5era egingo diren Itziarko Kopraixetan. Jaietako egitarau osoa oraindik aurkeztu ez badute ere, antolatzaileek dagoeneko jakinarazi dute kontzertuen egitaraua.

Jaiak abuztuaren 1ean, zapatuan, hasiko dira Obaneuke taldearen erromeriarekin (23:30). Ondoren, 03:00etan, DJ Patx eta DJ Bonbax ariko dira Frontoi Zaharrean.

Abuztuaren 2an, jai egun nagusian, Tapia eta Leturia igoko dira Itziarko elizako oholtzara (22:30). Kontzerturako sarrerak 10 euro balioko du, eta aurrez nahiz egunean bertan erosi ahal izango da.

Abuztuaren 3an, Helduen Egunean, Itzal taldearen erromeria izango da plazan (23:30). Abuztuaren 4an, Umeen Egunean, berriz, Gauargi taldeak eskainiko du kontzertua, 21:00etan, plazan.

Gazteen Egunean, abuztuaren 5ean, Manitu (23:30), Euskoprincess (01:30) eta DJ Txola eta Potxola (03:00) ariko dira Itziarko plazan.