Trabuko Bidearen 6. etapa egin ondoren, Redes-eko parke naturala ezagutuko dute Deporreko mendizaleek

Giro ederrean egin zuten Etxauritik Asiainerainoko bidea mendizaleek joan den asteburuan
Trabuko Bidearen 6. etapa egin ondoren, Redes-eko parke naturala ezagutuko dute Deporreko mendizaleek
Deporreko mendizaleak Trabuko Bidean.
2026/09/22 15:58
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko mendizaleek ez dute geldirik egoteko asmorik. Joan den larunbatean, irailak 19, Trabuko Bidearen 6. etapa egin zuten, Etxauritik Asiainera, giro ederrak lagunduta. Eta oraingoan, urriaren 10etik 12ra, hiru eguneko irteera egingo dute Redeseko Parke Naturalera, Asturiasko erdi-ekialdean dagoen naturagune babestura. Hiru egunetan, Retriñón (1.862 m), La Forcada (1.556 m) eta Cuyargayos (1.391 m) mendietara igotzeko aukera izango dute.

Redeseko Parke Naturala 1996an izendatu zuten parke natural, eta 2001ean UNESCOk Biosfera Erreserba izendatu zuen. 38.000 hektarea inguruko azalera du, eta Nalón ibaiaren goi-ibarra du ardatz nagusi. Caso eta Sobrescobio kontzejuen barruan dago.

 

Hiru eguneko ibilbidea

Urriaren 10ean, Felechosa herritik abiatuko dira, PR-AS-30 bidea jarraituz. Valentzia lepotik igaro eta Retriñón mendira igoko dira; ondoren, Muezca eta Arku lepoetatik jaitsiko dira, Mayás de Xulio txaboletatik igarota, Caleao herrira iristeko. Egun horretako ibilbidea zortzi ordu ingurukoa izango da, eta 1.200 metro inguruko desnibela izango du.

Bigarren egunean, urriaren 11n, Acebal auzotik abiatuko dira. Foces de Raigosu arroila zeharkatu eta Los Collados lepotik La Forcada tontorrera igoko dira. Jaitsiera beste aranetik egingo dute, La Texera lepotik eta Ruta del Alba bidetik, Soto de Agues herriraino. Egun horretarako ere zortzi ordu inguruko iraupena eta 1.100 metro inguruko desnibela aurreikusi dituzte.

Azken egunean, urriaren 12an, Soto de Aguesetik abiatuko dira Cuyargayos mendira igotzeko. PR-AS 63 bidea jarraituko dute ibilbide zirkularrean, abiapuntura itzuli aurretik. Bosgarren eta azken eguneko ibilbideak bost-sei ordu inguru iraungo du, eta 1.000 metro inguruko desnibela izango du.

 

Izen-ematea irailaren 24an zabalduko da

Parte hartzeko ezinbestekoa izango da federatuta egotea. Prezioaren barruan bidaia, gau bakoitzeko ostatua, afaria eta gosaria sartuko dira; bazkariak, ordea, norberak ordaindu beharko ditu. Urriaren 10ean, gainera, ez dute gosaltzeko geldialdirik egingo bidaian. Mendizaleek Soto de Caso herriko Casin Hostel aterpetxean hartuko dute ostatu.

Izen-ematea irailaren 24an irekiko da, 18:00etan, Klub Deportiboan eta Elgoibarko Morkaiko mendi taldean aldi berean, ondorengo formularioaren bidez:

Izena emateko formularioa