Txaranga Eguna ospatuko dute zapatuan Eibarren
Bihar (zapatua, urriak 24), musika lau haizeetara entzungo da Eibarren, Txaranga Egunaren hirugarren edizioa ospatuko da eta. Ekimena San Andres Eibarko ostalaritza elkarteak eta Ustekabe Eibarko txarangak antolatu dute, eta Eibarko Udalak finantzatu du.
Aurtengo edizioan parte hartuko duten txarangak hauek dira: UK03, Elutxa, Lasko, Irulitxa eta Ustekabe. Antolatzaileek azaldu dutenez, “emanaldi bakoitza leku batean hasiko da, 19:00etan, eta tabernaz taberna arituko dira, 21:30ak arte, gutxi gorabehera. Ordu horretan txarangek bat egingo dute, banda handi bat osatuz, elkarrekin hainbat pieza interpretatzeko”.
Ibilbidean zehar, bost txarangen artean 32 taberna zeharkatuko dituzte, horietako bakoitzean hainbat abesti jotzeko. Antolatzaileek diotenez, “ezinezkoa litzateke hori txaranga bakar batekin. Diseinatu ditugun ibilbideak bete ahal izateko denbora tasatuak ditugu. Helburua Eibar alaitzea da, eta ahalik eta eremu zabalenean egitea”.
Aurreko bi edizioetan bezala, ekimena iragartzeko kartela Maialen Bravo artistak diseinatu du. Eibarko Ustekabe txarangako kidea da Bravo.
Txaranga bakoitza gune batean
UK03 txaranga Urolako hainbat herritako musikariek osatzen dute, Lurraldebusen UK03 lineak elkartuta, eta horrek eman zion jatorrizko izena taldeari. Errekatxun hasiko du kalejira eta Txaltxa Zelai, Bista Eder eta Calbeton kaleen arteko gunea alaituko du.
Bestalde, Tolosako Lasko txarangak Legarre eta Ego-Gain alaituko ditu, eta Ermuko Irulitxak gauza bera egingo du Untzaga plazaren inguruan. Erdialdean, anbulatoriotik hurbilago, Lesakako Elutxa txaranga egongo da.
Ibilbiderik luzeena Ustekabek egingo du. Azitainen hasiko du emanaldia, Barrena zeharkatuko eta Urkizu ingurua girotuko du, erdialdean gainerako txarangekin bat egin aurretik.
Horrela, hiriko hainbat ostalaritza-gunetara eraman nahi da musika, Eibarrek 130 taberna inguru baititu. Ustekabe txarangak eskerrak eman dizkie San Andres ostalaritza elkarteari eta Eibarko Udalari, “Txaranga Egunaren edizio berri bat posible egin izanagatik”.


