XIV. On Ekin enpresa ideia eta proiektuen lehiaketara aurkezteko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik

Gaur (eguena, irailak 17) egin dute eskualde mailan antolatzen den On Ekin lehiaketaren aurkezpena Jon Iraola alkateak, Vanesa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, eta Jaione Leibar (Ikale Consulting) Ekingune elkarteko presidenteak.
XIV. On Ekin enpresa ideia eta proiektuen lehiaketara aurkezteko epea urriaren 18ra arte egongo da zabalik
2026/09/17 19:12
Silbia Hernandez Arrazola

Jon Iraola Eibarko alkatek nabarmendu duenez, “oso garrantzitsua da ekintzaileei lagunduko dieten eta haien lana aitortuko duten espazioak sortzen jarraitzea. Ekintzailetza funtsezko pieza da Eibarko eta Debabarreneko etorkizun ekonomikorako. Erakundeak ekintzaileen ondoan egon behar dugu, bide hori erraztuz eta baldintzak sortuz, talentua eta ideia onak hemen garatu ahal izateko”. Zentzu horretan, Iraolak eskualdeko ekintzaileak animatu ditu edizio berri honetan parte hartzera.

Ekingune elkarteak antolatzen duen On Ekin 2026 lehiaketa negozio-ideia berritzaileak dituzten eta horiek martxan jartzeko edo garatzeko laguntza behar duten ekintzaile eta enpresei zuzenduta dago. Izen-ematea 2026ko urriaren 18ra arte egongo da zabalik, eta finalistek Errebal Plazan, urriaren 28an egingo den ekitaldi berezi batean aurkeztuko dituzte beraien proiektuak.

Edizio honetan hiru sari banatuko dira

Edizio honetako berrikuntza nagusia sarietan dago: orain arte bi sari banatzen zituzten, baina aurten hirugarren sari bat emango dute. Antolatzaileek esan dutenez, “horrela, parte hartzen duten proiektuak saritzeko eta haiei ikusgarritasun handiagoa emateko aukera egongo da.

Ekintzailetza eta enpresa-arloarekin lotutako eragile ekonomiko eta sozialek osatutako epaimahaiak aukeratuko du ON EKIN Saria zein proiekturi eman. Saria 2.000 eurokoa izango da eta Laboral Kutxak finantzatuko du. Horrez gain, Gaztenpresaren aholkularitza izango du, bideragarritasun-plana eta finantzaketa-bilaketa lantzeko, baita bideopodcast bat egitea ere.

ON EKIN Proiektua Saria (1.500 eurokoa) nori eman ere ere epai-mahaikideek erabakiko dute. Eibarko Udalak babestutako sariak Gaztenpresaren aholkularitza eta bideopodcast bat egitea ere barne hartuko ditu.

Eta hirugarren saria Publikoaren Saria izango da: 600 eurokoa izango da, baina kopuru hori handituko dela azaldu dute, “ekitaldian bildutako diruaren arabera”. Bertaratzen den publikoak erabakiko du saria nori eman, eta kasu honetan ere Gaztenpresaren aholkularitza izango du irabazleak.

Debabarrenean, eskualde mailan egingo den lehiaketa honetan parte hartu nahi dutenek www.ekingune.com webgunean eman dezakete izena, eta oinarriak ere bertan kontsultatu ahalko dituzte.