XXXVI. San Martin Azokak 41 ekoizle eta 13 artisau bilduko ditu Ermuan

Euskal Birusa Elkarteak antolatuta, euskararen eta herri kulturaren topagune izango da Ermua azaroaren 14an. 41 ekoizle, 13 artisau eta adin guztientzako jarduerak bilduko ditu azokak, herriko sei gunetan banatuta.
XXXVI. San Martin Azokak 41 ekoizle eta 13 artisau bilduko ditu Ermuan
2026/11/02 12:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ermuak XXXVI. San Martin Azoka ospatuko du azaroaren 14an, zapatua. Euskal Birusa Elkarteak 1990ean jarri zuen martxan ekimena, euskararen erabilera sustatzeko eta herriko kultura biziberritzeko asmoz. Aurten ere, egitarau zabala prestatu dute, adin guztietako herritar eta bisitarientzat.

Azoka auzolanaren eta herritarren parte-hartzearen emaitza da. Elkarteak jakinarazi duenez, aurten, 40 bat lagunek hartu dute parte antolaketa-batzordeetan, eta 400 boluntario inguru arituko dira lanean azoka egunean.

41 ekoizle eta 13 artisau

Aurtengo azokan 41 ekoizlek jarriko dituzte euren produktuak salgai: zortzi fruta eta ortuari postuk, hamaika ogi-postuk, hamar gazta-postuk, bost ezti-postuk, bi sagardo eta txakolin postuk eta beste bost postuk, gozogintza, ahatekiak eta gildak, besteak beste, eskainiko dituztenek.

Santiago plazan, berriz, 13 artisauk erakutsiko eta salduko dituzte euren lanak; besteak beste, bitxiak, arropa, motxilak, xaboiak eta kandelak. Saskigintza eta zapatagintza tradizionalaren erakustaldiak ere egingo dituzte, eta Ermuko Tonbolak bere ohiko elkartasun-ekimenarekin parte hartuko du. Goiko parkean, herriko lau ikastetxeek postuak jarriko dituzte.

Jarduerak herriko sei gunetan

Azoka 11:00etan irekiko dute. Goizean zehar, Alboka Musika Eskolako trikitilariek eta Bizkaiko gaiteroek girotuko dituzte kaleak. Berano Txikitik artaldea jaitsiko dute, eta Martxoaren 8a plazan hainbat abere ikusteko aukera egongo da: ardiak, behiak, astoak, txerriak eta hegaztiak, besteak beste. Probalekuan, berriz, idi-parea egongo da.

Eguerdian, 12:00etan, hainbat jarduera egingo dituzte aldi berean: Txindurri Taldearen dantza-saioa Herriko Plazan; Iruñeko Alde Zaharreko erraldoien kalejira, San Pelaiotik abiatuta; herri-kirol erakustaldia Komentukua kalean; umeentzako jolasak Kulkirekin San Martin plazan; eta ardi-moztea Martxoaren 8a plazan.

13:30ean banatuko dituzte azokako sari nagusiak Herriko Plazan. Fruta eta ortuarien, gaztaren, sagardoaren, txakolinaren, ogiaren, euskal pastelaren eta eztiaren lehiaketetako sariak emango dituzte, baita saltokirik txukunenaren eta erakusleiho-lehiaketaren sariak ere.

Arratsaldean, 15:30ean, herri-baba-jana egingo dute Merkatu plazan. 17:00etan, Ermuan Kantuan saioa izango da Txerokiak taldearekin, eta 19:00etan kalejira egingo dute plazaraino. Ondoren, 19:45ean, errifaren zozketa eta argazki-lehiaketako sari-banaketa egingo dituzte. Egunari amaiera emateko, 20:00etan, larrain-dantza herrikoia egingo dute, eta 20:30ean Gauargi taldearen erromeria hasiko da plazan.

Epaimahai aditua

Ekoizleen lehiaketetako produktuen kalitatea baloratzeko, sei lagunek osatutako epaimahaia arituko da lanean: Euskal Birusako ordezkari batek, Udaleko Euskara zinegotziak eta elkarteak aukeratutako herri-ordezkari batek, alde batetik; eta Landa Garapeneko, Erlezainen Elkarteko eta Idiazabal Gazta Jatorri Izendapeneko ordezkariek, bestetik.