Zabortegiaren “erabateko utzikeria eta abandonoa” salatzeko elkarretaratzea egin dute Zaldibarren

Ingurumenaren eta herritarren segurtasuna eta osasuna arriskuan ipintzen duten hutsegiteak zuzentzea eskatu dute.
Zabortegiaren “erabateko utzikeria eta abandonoa” salatzeko elkarretaratzea egin dute Zaldibarren
2026/03/16 11:06
Silbia Hernandez Arrazola

Atzo (domeka, martxoak 15) kontzentrazioa egin zuten Zaldibarren, Zaldibar Argitu plataformak deituta, zabortegiaren gaur egungo egoera salatzeko. Erredakziora ohar baten bitartez helarazi digutenez, “erabateko utzikeria eta abandonoa. Hori da Eusko Jaurlaritzaren azken ikuskapenaren emaitza, zeinean 29 hutsegite nabarmentzen diren”. Horrekin batera, hilabeteetan txostena ezkutuan gorde izana salatu dute: “Eusko Jaurlaritzak herritarrak informatu beharko lituzke, are gehiago inguruko bizilagunen osasuna eta segurtasuna arriskuan dagoenean”.
Bestalde, Zaldibar Argituri “ulertezina” iruditzen zaio “horrenbeste denboran hutsegite horiek zuzendu ez izana. Oso larria, besteak beste lixibiatuak inongo kontrolik gabe lurrera eta errekara isurtzen direlako, oinarrizko azpiegituretan mantentze lanik ez delako egiten, eta sortzen diren gasak tratatzeko sistemarik ez dagoelako. Ezin da ahaztu ingurumenaren eta herritarren osasuna eta segurtasuna daudela jokoan”. Eusko Jaurlaritzari eskatu diote arduraz joka dezan, “ingurumenaren eta herritarren segurtasuna eta osasuna mehatxatzen dituzten hutsegite horiek zuzentzeko. Beharrezkoak diren ekinbide guztiak egin ditzala orain”.