Zaldibarko zabortegiaren hondoratzea proiektuko aldaketekin eta kontrol faltarekin lotu du CEDEXek

Irailean aurkeztutako txostenak berretsi du hasierako diseinua aldatu eta segurtasun-neurriak murriztu zituztela. Zabortegia hondoratzeko arriskua handia zela ondorioztatu du, kontrol-sistemen datuak eta egonkortasun-kalkuluak aztertu ondoren.
Zaldibarko zabortegiaren hondoratzea proiektuko aldaketekin eta kontrol faltarekin lotu du CEDEXek
2026/11/27 13:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Zaldibarko Eitzagako zabortegiaren hondoratzea ez zen ustekabeko gertaera izan. CEDEXek (Herri Lanen Azterketa eta Esperimentaziorako Zentroa) Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiari aurkeztutako azken txostenaren arabera, hasierako proiektuan egindako aldaketek eta segurtasun-kontroletako gabeziek eragin zuzena izan zuten 2020ko otsailean gertatutako hondoratzean. El Correo egunkariak aste honetan ezagutarazi duen dokumentuak aurreko txostenaren ondorioak berretsi ditu, eta zabortegiaren diseinuan, eraikuntzan eta funtzionamenduan izandako hainbat hutsune jaso ditu.

2007an, Verter Recycling enpresak LKS ingeniaritza-enpresak egindako proiektua aurkeztu zuen, eta Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-baimenak lortu zituen. Urtebete geroago, ordea, LKSrekin zuen harremana eten eta Geyser enpresari eskatu zion proiektu berri bat diseinatzeko. Aldaketa horiek eragin handia izan zuten zabortegiaren segurtasunean. Besteak beste, hondakin-masa irristatzea eragozteko geomintzen ezaugarriak aldatu zituzten: hasierako proiektuak 33 graduko marruskadura-angelua zuten mintz zimurtsuak aurreikusten zituen, baina, azkenean, 7 eta 11 gradu arteko angelua zuten mintz lisoak jarri zituzten. Euste-dikean ere aldaketak egin zituzten: hasierako diseinuak 100 metroko altuera aurreikusten zuen, eta Geyserren proiektuak 18 metrora murriztu zuen. Horrez gain, segurtasun-koefiziente txikiagoa ezarri zuten.

Hondakin pilaketak eta kontrol falta

Zabortegiaren erabilerak ere hasierako aurreikuspenak gainditu zituen. 35 urterako lizentzia izan arren, 2017tik 2019ra bitartean aurreikusitako hondakin kopuru osoaren erdia inguru jaso zuen. Estali gabeko eremuak ere baimendutako azalera gainditu zuen: 10.000 metro koadroko muga izan arren, 60.000 metro koadrotik gora hartu zituen. CEDEXen arabera, hondakinen gainera eroritako euri-urak zabortegiaren barruan infiltrazio handia eragin zuen, bereziki 2019ko azaroko euriteen ondoren.

Egonkortasuna kontrolatzeko sistemetan ere gabeziak antzeman ditu txostenak. Lur-mugimenduak neurtzeko jarritako mugarriak 2018an hasi ziren goranzko joera erakusten, lur-mugimendu ezohikoen seinale. CEDEXen arabera, ordea, datu horiek ez ziren behar bezala interpretatu edo aintzat hartu. Bestalde, Lurtek enpresak 2019ko maiatzean egindako egonkortasun-azterketak zabortegia egonkor zegoela ondorioztatu zuen. Verter Recyclingek 2020ko urtarrilean aurkeztu zuen azterketa hori Eusko Jaurlaritzako teknikarien aurrean, hondoratzea gertatu baino hamasei egun lehenago. CEDEXek, ordea, kalkulu informatikoetan akatsak aurkitu ditu azterketa horretan. Akatsak zuzenduta, zabortegia egoera kritikoan zegoela eta hondoratzeko arriskua handia zela ondorioztatu du.

Hiru auzi judizial

Zaldibarko zabortegia hondoratu zenetik, hiru ikerketa judizial nagusi abiatu dira: Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileen heriotzengatik, hirigintza-irregulartasunengatik eta ingurumenaren kontrako ustezko delituengatik.

Langileen heriotzengatiko auzia itxita dago. Haien familiek 2,75 milioi euroko kalte-ordaina jaso zuten, eta sei hilabeteko espetxe-zigorra onartu zuten zabortegiko arduradunek: Jose Ignacio Barinaga jabeak, Arrate Bilbao kudeatzaileak eta Juan Elosegui ingeniari-buruak. Hirigintza-auzian, berriz, zabortegia baimendutako eremutik kanpo hedatu ote zen ikertzen ari dira. Arantxa Baigorri Zaldibarko alkate ohia eta Udaleko teknikariak daude ikertu gisa. Azaroaren 13an, Bizkaiko Auzitegiak haien apelazio-errekurtsoak atzera bota zituen, eta ikertu gisa jarraituko dutela berretsi.

Ingurumenaren arloko auzian, Verter Recycling enpresako arduradunak, Eusko Jaurlaritzako hiru teknikari eta Geyser eta Lurtek enpresetako lau kide ikertzen ari dira. Azaroaren 10eko ebazpen baten bidez, epaileak ikerketa-epea ez luzatzea erabaki zuen, auzia nahikoa aurreratuta dagoela iritzita. Datorren martxoan, CEDEXeko txostena egin duten perituek epailearen aurrean deklaratuko dute. Ondoren, aldeek ondorioak aurkeztu beharko dituzte, eta ahozko epaiketa egitea eskatuko duten erabaki.