Eibarko Emakumeen Mahaiak indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du

Goizean eginiko elkarretaratzean Emakumeen Mahaiak berdintasunean hezten jarraitzearen garrantzia aldarrikatu du, eta emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatzen jarraituko duela adierazi du.
Eibarko Emakumeen Mahaiak indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa berretsi du
Argazkia: Yanire Sagredo
2026/11/25 15:35
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Azaroaren 25aren harira, Emakumeen Mahaiak elkarretaratzea egin du gaur, indarkeria matxistaren aurka eta emakumeen eskubideen defentsan. Indarkeria matxista gutxiesteko joerak eta emakumeen salaketak zalantzan jartzea kezka iturri direla azaldu dute, eta argi utzi dute ez dutela berdintasunaren arloan atzera pausorik onartuko. Eguerdiko 13:00etan egin dute elkarretaratzea Untzaga plazan, Altzoa Alargunen Elkarteak 'Indarkeria matxistaren aurkako harilak ehuntzen' jarduera egin ostean.

Adierazpenean, emakumeen eskubideak eta askatasuna errespetatu eta bermatzeko beharra nabarmendu dute. Era berean, berdintasun eza elikatzen duten, indarkeria justifikatzen duten edo emakumeen askatasuna zalantzan jartzen duten diskurtsoak normalizatzearen aurka agertu dira.

Horren aurrean, berdintasunean hezten jarraitzearen eta errespetuan oinarritutako harremanak eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute. Halaber, berdintasun eza erreproduzitzen duten ereduak zalantzan jartzeko eta indarkeria matxista prebenitzeko gizarteko esparru guztietan lan egiteko deia egin dute. Emakumeen Mahaiak konpromisoa berretsi du emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak salatzen eta emakume guztien eskubideak eta askatasuna defendatzen jarraitzeko.