Zapatuan Eibarren egingo den bertso saiora garraio publikoan joatea gomendatu dute

Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa eta Eibar-Almeria futbol partida aldi berean jokatuko dituzte zapatuan, Ipurua inguruan. Bertsozale elkarteak garaiz joateko eta, ahal dela, autoa ez erabiltzeko eskatu du.
Zapatuan Eibarren egingo den bertso saiora garraio publikoan joatea gomendatu dute
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa, Larraun-Lekunberrin. Argazkilaria: Maitane Campos Fundazuri
2026/10/28 13:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Urriaren 31n, zapatuan, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Eibarren, eta antolakuntzak garraio publikoan joateko gomendatu die bertsozaleei. Saioa 17:00etan hasiko da Ipurua kiroldegian, eta inguruan Eibar eta Almeria taldeen arteko futbol partida ere jokatuko dute. Bi hitzorduek trafikoa eta aparkatzeko aukerak zaildu ditzaketenez, garaiz gerturatzeko eskatu dute.

Bertso saiorako ateak 15:30ean zabalduko dituzte. Futbol partidaren ondorioz, ordea, Ipurua inguruan ohikoa baino jende eta auto gehiago espero dira. Gainera, kiroldegiaren aurreko kalea 15:00ak aldera itxiko dute, futbol partida hasi baino ordubete lehenago.

Treneko ordutegiak

Antolakuntzak Bilbo eta Donostia aldetik trenez joateko ordutegiak ere zabaldu ditu.

Autoz joanez gero, periferian aparkatzea

Autoz joan behar dutenentzat, posible duten heinean, Eibarko erdigunetik kanpo aparkatzea gomendatu dute, eta handik oinez edo garraio publikoan gerturatzea. Aukera gisa, Ermuko San Lorenzoko aparkalekuak eta Eibarko Unibertsitateko aparkalekua aipatu dituzte. Azken horretatik 15 minutu inguru behar dira oinez Ipurua kiroldegira iristeko, eta tren geltokia ere gertu dago. Kiroldegiaren ondoko Eroskiko aparkalekuan ere lekuak egon daitezke, garaiz joanez gero.

Eibarren lur azpiko aparkalekuak ere badaude, baina antolakuntzak ohartarazi du ez duela bermatzen aipatutako lekuetan aparkatzeko tokirik egongo denik. Horregatik, 15:00ak baino lehen Eibarren aparkatuta egotea gomendatu du.

Antolakuntzak bertsozaleei eskerrak eman dizkie egoera kontuan hartzeagatik, eta puntualtasuna eskatu du saioa aurreikusitako orduan hasi ahal izateko.