Apirilak 14
1931ko apirillaren 14an, martitzena, Eibar Espaiñiako II. Republikia proklamau eban lehelengo herrixa izan zan. Gaberdixan, lehelengo arrain kamioiekin batera, Republikiaren proklamaziñuan barri zabaltzen juan zan; eta hori ez eze, Diputaziño barrixa formatzeko Donostiara lagun bi juan bihar zirala Eibartik be esaten eben. Holako barrixak herri osuan zabaldu ziran, eta egunsentian, goizeko seiretarako, ixa herri osua Unzagako Plazan eguan: elekziñuetan urtendako konzejal barrixak, danak konforme, Republikia proklamatzia erabagi eben, eta baitta egin be, bandera republikanua kanpora etara, eta Alfonso XIII.aren erretratua ganbara baten gordeta. Herrixan eren hogei guardia-zibil inguru, baiña nahixago izan eben euren lekuetan gelditzia millaka laguni aurre egittia baiño. Segiduan lagun bik urten eben Donostia aldera, euretako bat Enrique de Francisco zan.
Ordura arte aztoratuta ibilli arren be, zazpirak aldian trenak aillegau ahala, jendia aplakatzen hasi zan, eta nerbioso plantatzen, zegaittik ez Donostian ez Bilbon eta ez bixen bittartian, iñun be ez eguan Republikiaren barririk. Goizeko zortziretan periodikuak hasi ziran, eta iñun ez ekarren Republikiaren barririk: eibartar asko biharrera be ez ziran juan, egon eziñarekin. Hori egoneziñori arratsaldera artekua izan zan, Barzelonan be Republikia orduan eguerdixan proklamau zala jakin izan zanera arte, Gobiernua aldatu egitten zala behingoz; eta geruago, Madrillek eta beste herri haundixak be beste hainbeste egiñ ebela. Donostiatik hori barrixori Eibarrera etorri zanian eskillara haundi batekin aiuntamentuko aurreko plakia aldatu eben, eta plaziaren izen barrixa “Plaza de la República” ipiñi etsen: musika bandiak jo eban, eta jendiak “La Marsellesa”, “La Internacional” eta “Gernikako Arbola” kantatzen eban. Madrillen illuntzian proklamau zan II. Republikia Espaiñia osorako, Niceto Alcalá Zamora buru zala.
Eibarrek “Muy Ejemplar Ciudad” titulua eta “Primera Enseñanza”-ko Institutua jaso ebazan orduan Republikiarengandik: “herri eredugarri” tituluaren pergaminua Indalecio Prietok eta Miguel de Unamunok ekarri eben.