Ekainak 11

Ekainak 11

1545. urteko junixuaren 11n batzar general bat egin zan Eibarren, Pedro de Ibarra pariente nagusi izendau ala ez. Pero Ruiz de Urquizu alkatia (Ubillatarrren senidia) ez eguan horrekin konforme, eta herriko hiru gizon zahar izendau zittuan ondo eguan ala ez erabagitzeko: Martin Martinez de Isasi, Martin Martinez de Mallea eta Juan Ibañez de Elexalde. Juntako 18 lagun horrekin konforme eren. Baiña Ibarbeako Juan Ibañez de Mallea prokuradore sindikuak beste hiru gizon zahar esan zittuan: Pero Martinez de Burgoa (80 urtekua), Estibaliz de Escaregui (88 urtekua) eta Juan de Zelaya (92 urtekua). Juntako 38 lagunek nahixago eben hónek zaharrok erabagi zeixen asuntua. Hor argi geratu zan herrixan bando bi eguazala: bat, Unzuetakuen aldekua; eta bestia, euren kontrarixuena. Azkenian zaharrak esan eben Pedro de Ibarra bazala pariente nagusixa, Unzuetako jauna zalako etxia eta lurrak erostiarren, eta bertako alabiarekin ezkontziarren. P. de Ibarra ba bere sasoiko gizon haundixa zan: gerrate askotan ibillittakua, eta Valladolideko kortian izen haundixa eukana. Azkenian be, jendiak pariente nagusitzat hartu eban eta hartakotzat jarduten eban. Zaharrak esan eben bai Eibar, Ermua, Plaentxi, Elgoibar, Markiña, Bolibar, Artiaz, Gerrikaiz eta Mallabiko linajekuak, danak hartakotzat eukela, eta batera juaten zirala diar egitten etsen entiarru, boda eta bautizuetara, Unzuetako jauntxua danen aurretik zala.