“Oporrak” (Amagoia Gomez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Oporrak” (Amagoia Gomez)
ETA KITTO 2023, Ira 15

Hogeita bi urterekin hartu nuen lehenengo aldiz hegazkin bat. Erasmus bekarekin Irlandara ikastera joan nintzen. Gurasoek telefono mugikor bat oparitu zidaten. Deiak egiteko soilik balio zuen Nokia 5110 bat. Edozer gertatuko balitzaigu ere, elkarrengandik hurbil egoteko. Duela hogeita lau urte izan zen hori. Aitzin aroaz hitz egiten ari naizela iruditzen zait. Liburutegira joaten ginen lagunei mezu elektronikoak bidaltzera edota egunkaria Interneten irakurtzera. Lagunek eta familiakoek Belfastetik idatzitako hamaika eskutitz jaso zituzten. Pazientzia behar izaten genuen elkarren berri izateko baina sorpresa ikaragarria izaten zen eskuz idatzitako eskutitza jasotzen genuenean.

Egia esanda ordutik hona oso eskutitz gutxi jaso ditut eta bakanetan hartu dut hegazkina, batez ere oporretara joateko. Udarak Ondarroan, Zumaian, Lekeition edota Hondarribian pasatu ditut. Hondartzan. Familian. Gaur egun bidaiak beste era batera bizi ditugula iruditzen zait. Oporrak “kontsumitu” egiten ditugula. Janaria irensten dugun bezala. Garagardoak edaten ditugun bezala. Speed marra bat sartzen dugun bezala. Antsietatez. Korrika. Konpultsiboki. Telefono mugikorraren menpekotasun izugarriaz. Hori bai, elkarren berri berehala daukagu. Une oro partekatzen dugu egiten dugun guztia. Hobeto esanda, komeni zaigun guztia. Lagunekin, familiakoekin edota aurrez aurre ezagutzen ez ditugunekin. Munduari zabaltzen dizkiogu gure bizipenak. Gure istorioak argitaratzeak hobeto sentiaraziko baligu bezala edo norbaiten oniritzia bilatuko bagenu bezala. Bestalde, zenbat eta urrutiago bidaiatu, zoriontsuagoak gara. Aberatsak garela sinetsarazi digute eta umezurtz emozional bihurtu gara. Inoiz baino alaiago bizi gara baina suizidio saiakerak eta suizidio tasak gorantz doaz. Hurrengo oporretarako erronka: Soriara mugikor gabe edo Nokia 5110 batekin bidaiatzea. Badakit lagun bati asko gustatuko zaiola ideia hau, bere opor gustukoenak baitira. Miresten dut horrelako jendea. Txikitasuna handi bihurtzen duena eta altxor bat balitz moduan gordetzen duena.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »