Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Herri txiki"

2022/02/25
Aurreko batean aldizkari honetan irakurritako zutabegile baten haria jarraituko dut oraingoan. Eibarren jaioa izanik, ez omen da bertan bizi eta liberazio bat bezala kontatzen zuen egoera. Aspertu egin omen zen herri honetaz eta alde egin beharra sentitu zuen nonbait. Horrela gertatu zitzaidan neuri ere 20 urte nituela. Eibarko giroak itota, “herri txiki infernu handi” sentsazioaz eta gurasoen etxetik kanpo bizitzeko nahiak beste herri batera eraman ninduen. Anonimotasun bila. Inolako loturarik ez neukan leku hartara. Hori behar nuen momentu hartan. Zerotik hasteko? Neure burua hobeto ezagutzeko? Sustraiak beste nonbait errotzeko? Auskalo!

Zazpi urtez bizi izan nintzen bertan. Ni neure buruarekin. Bakarrik. Horrela sentitu izan nintzen gainera. Bakardadea zer zen ezagutu nuen. Etxean inor gabe egoteaz gain, kalera atera eta inork ez ninduen ezagutzen. Ezezaguna nintzen denontzat. Arrotza. Horrela sentitu nintzen. Horrek dakarren guztiarekin. Ona zein txarra.

Atzera begira, urte politak izan zirela esango nuke, nahiz eta gogorrak ere izan. Gaur egunean bakarrik egoteko momentuak hartzen ditut, behar ditut eta. Askotan egoten naiz neure buruarekin, baina esan beharra daukat inoiz ez dudala herri arrotz hartan bizi izan nuen bakardade hori berriz ere sentitu.  Aukera bat da bakarrik egotea. Aukera bat da herritik irten eta leku berri batean ezezaguna izatea. Neure erabakia ez balitz, izugarri gogorra egingo litzaidake. Jendez inguratuta egon eta, hala ere, bakarrik zaudela sentitzea.

Irratian entzun berri dut zoriontsuak izateko gizakiak ezinbestekoa duela harreman on eta sendoak garatzea. Derrigorrezkoa. Gaur egun, are gehiago. Sortu ditzagun bada gune horiek, erlazionatzeko eta zaintzarako eremuak. Saretu gaitezen! Infernuan ere ongi bizi gaitezkeelako.