“Naves disponibles” (Josu Agirre)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Naves disponibles” (Josu Agirre)
ETA KITTO 2023, Ira 25

Nonbaitera heldu garelakoan, bizitza honetan pertsona helduak garela esaten diogu, euskara dugunok behintzat, geure buruari. Pertsona bezala, hazkuntza edo garapen prozesua amaitutzat eman dezakegun unea litzateke, askotan oso argi ez izan arren nora –eta nola- heldu garen.

Azken urte hauetan abuztuko oporretan kanpin-denda hartu eta Nafarroa aldera joan ohi izan gara. Hain zuzen ere Lizarrako kanpina ezagutu eta, urte batzuetatik hona, bertako bezeroak bilakatu gara. Kanpina hiri-gunetik kanpo dago, industrialde baten ondoan.

Duela bizpahiru urte gertatu zitzaidan. Errekaduren bat egiteko edo, goiz batean semea eta biok kanpinetik irten ginen kotxean. Aipatu industrialdera ailegatu eta ondoko bidegurutze batean “stop” seinale aurrean gelditu behar izan nuen autoa.

Ezkerrera eta eskuinera begiratzen nengoen, ea noiz emango ziguten bidea aurrera jarraitu ahal izateko eta ez nuen erreparatu aurre-aurrean zegoen pabiloi handi baten hormatik zintzilik hauxe zioen pankarta erraldoia zegoela: “NAVES DISPONIBLES”.

Bapatean, semeak (orduantxe 8 edo 9 urte izango zituen asko jota):
– “Aitxa, aitxa…! Horra sartu behar gara, begira… irakurri, naves disponibles dauzkatela!”
– “Ehh..? zer..?”

Hasiera batean mutikoari ez nion piparrik ere ulertu. Ni trafikoan kontzentratua nengoen, alde batera eta bestera begiratzen, atzetik ere beste auto bat… Baina pankarta hura irakurri eta barneko “klik” bat sumatu ondoren… bai, orduan barrez lehertzen hasi ginen biok. Jakina, gu noiz mugituko ginen zain zegoen atzeko kotxeko gidariarentzat egoera ez zen izan agian hain hain graziosoa… zer egingo diogu ba!

Esaldi hori helduei zuzenduta zegoen, baina umeak espazio-ontziak irudikatu zituen, bestelako betaurrekoekin irakurri zuelako kartel hura; nolabait pareidolia izeneko fenomenoarekin gertatzen den bezala (objektu arruntetan itxura ezaguna duten irudiak osatzeko gizakiok dugun joera, normalki aurpegiak). Seme maiteak atea ireki eta beste ikuspegi bat erakutsi zidan. Posible izan nuen klik egin eta, gidatzeari utzi gabe, berarekin batera helduen munduaren mugatik une batez, behintzat, ateratzea.

Nire heldutasunetik, oso eskertuta nago semearekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »