“Ametsaren bidea” (Iñaki Zubillaga)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Ametsaren bidea”  (Iñaki Zubillaga)
ETA KITTO 2019, Aza 28

Orain dela 40 urte kaleratu zen “Ametsaren bidea” diskoa, euskal musikako erreferente berezien arteko obra. Maisulan horrekin Errobik ate ikaragarria zabaldu zuen maila tekniko, musikal eta artistikoan, baina sei urteko elkarlana ere amaitu zuen.

40 urte, buuaahhh!!! Oraindik, lau abesti horiek entzuten ditudanean ez dut sentitzen hainbeste denbora pasatu denik. Sasoi hartan disko hori rock musika besterik ez zen niretzat, abizenik gabe. Gaurko katalogazioarekin badakigu ‘progresiboa’ dela.

Gitarra, baxua, bateria eta ahotsa, tresna arruntak rock munduan, baita saxofoia, txirula, alboka… Dena nahastuta… Folk-rock izan daiteke… soinu zaharrak eta distortsioa…

Hala ere, hitzen aldetik denbora berria hasi zuen taldeak. Lehenengo bi diskotan Daniel Landart-en bertsoak musikatu zituzten, orain Anje Duhalderen testuak. Arriskatu egin ziren lan horrekin: lau kantuz bakarrik osatutakoa da; eta horietako bi 17 eta 13 minutukoak dira. Disko horri esker euskal musikako mugak gainditu zituzten: Espainiako eta Europako prentsak eta irratiek kritikak eta erreportaiak argitaratu zituzten. Eta lurrikara hori iparraldetik etorri zen, haize freskoagoak ekarri zioten hegoaldeko giro ilunari, Franco hilzorian.

Errobi taldea bikote baten egitasmoa izan zen: Anje Duhalde eta Mixel Ducau lapurtarrena. 1975ean grabatu zuten Donibane Lohitzunen “Errobi” diskoa, euskerazko lehen rock diskoa.

Kantaldi politikoen sasoia zen, mezua musikari nagusitzen zitzaionekoa. Baina, hitzak kutsu politiko handikoak izan arren, Errobiren agerraldiak kontzertuak ziren, ez mitin politikoak. Errobiren bigarren diskoa “Gure lekukotasuna” ia lehenengoarekin batera eman zen ezagutzera, aurrekoaren ildoa jarraituz.

Kriston arrakasta izaten ari zirenean, “Bizi bizian” Euskal Herrian zuzenean grabatutako lehen diskoa argitaratu ondoren, Errobik lehen aroa itxi zuen eta, lehen azpimarratu dudan bezala, bai hitzen karga politikoaren aldetik, eta baita konposizio kontzeptuaren ikuspuntutik, norabide nabarmena hartu zuten. Lau taldekidek hartu zuten parte musika asmatzen.

“Ametsaren bidea”-k urteko diskorik onenari emandako saria jaso zuen Durangoko Liburu eta Disko Azokan; hala ere, nahiko oihartzun txikia izan zuen, aurreko biekin alderatuta.

Gaur egun oraindik salgai dago diskoa Durangoko Azokako mahaietan. Aurten bai, erosi eta gozatu. Ez zarete damutuko. Hori ere Euskal Herriko historia da-eta…

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »