“An elephant in the room” (Josu Agirre)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“An elephant in the room” (Josu Agirre)
ETA KITTO 2021, Abe 03

Metafora bezala gelan elefante bat dagoela esaten dugunean, oharkabean pasatzen den baina, aldi berean, zeharo agerikoa den egia nabarmena bertan daukagula esan nahi dugu.

Askotan eztabaidatu nahi ez dugun baina begi-bistakoa den arazo edo arrisku bat adierazteko ere erabili daiteke. Pentsa, adibidez, familia arteko bazkarietan. Inork atera nahi ez duen gaia, baina denbora guztian denek nolabait somatzen dute hor dagoela, aurrez aurre.

Beste adibide bat. Aldizkari batean ETAko komando bati laguntza emateagatik kondenatua izandako preso ohi bati egindako elkarrizketa luzea irakurtzen dut. Bertan kazetariak, kartzelan bizi izandako esperientziaren inguruko hainbat galdera egiten dizkio elkarrizketatuari, eta honek bere esplikazioak ematen ditu. Hala ere, hain zuzen ere espetxera eraman zuen gertakarien inguruko aipamen bakar bat ere ez dut aurkitzen. Ezer ere ez, ez galderen artean ezta erantzunen artean ere, eta ni behintzat gelako elefantearekin akordatzen naiz, uneoro gainera.

Pasa den astean justu, oraindik handiagoa iruditzen zaidan beste elefante bat etorri zitzaidan burura, eta azaroaren 25ean ospatzen den “Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna”rekin du zerikusia.

Egun hori dela eta, erakunde, gobernu, instituzio, sindikatu, elkarte eta norbanakoek gizartean dugun arazo potolo honen inguruko hainbat eslogan eta mezu bidaltzen dituzte. Mezu asko dira eta nik ez ditut guztiak entzun. Hala ere, iruditzen zait plazaratzen direnen artean, ia guztiak emakumeei soilik –modu orokorrean– helarazten zaizkiela. Esaten zaie salaketak jarri behar dituztela, biolentzia egoerak ez dituztela zergatik jasan, eskubideak dituztela, informatu behar direla, erasoen aurrean erantzun behar dutela… eta abar. Oso ondo.

Baina, biolentzia hori nondik dator? Espazio urrunetik akaso? Nork praktikatzen du emakumeen kontrako indarkeria? Nork jaso beharko lituzke mezu gehienak? Badakit “indarkeria matxista” espresioa ere erabiltzen dela, baina ez da hain argia.

Egia agerikoa da, eta elefanteak gelan egoten jarraituko du, baldin eta erakunde publiko eta gizarte zibiletik bereziki gizonezkoei zuzendutako mezu zehatzagoak bidaltzen ez badira.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »