“Armagiñak bakarrik ez” (Nagore Fernandez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Armagiñak bakarrik ez” (Nagore Fernandez)
ETA KITTO 2022, Api 29

Hiri armagiña bezala da ezaguna Eibar. Nik ez ditut armak bereziki gustuko, beldurra eragiten baitidate babes sentipena baino gehiago. Onartzen dut arma batzuk benetako artelanak direla, baina beti iruditu zait harro sentitzeko arrazoi hobea dela krisiari aurre egiteko armagin eibartarrek gauzatutako eraldaketa: bizikletak, josteko makinak edo bulego-tresnak egiten hasi zirenekoa. Hori, eta gure kaleei nortasun berezia ema(te)n dieten eraikin industrial horiek guztiak ere, noski, tamalez gero eta gutxiago diren arren.

Ba, igande honetatik aurrera armagiña izateaz gain, arma-eramailea ere izango da gure hiria, Udaltzaingoa medio. Justiziak hala derrigortzen omen du, disuasio-neurri modura eta polizien zein biktimen segurtasuna bermatzeko. Ondo erabilita horrela izango da, ez diot nik ezetz… Baina albisteei so egitea besterik ez dago armek, edo gizaki armatuek hain zuzen, sarraski itzela ere sor dezaketela ikusteko; hirien, herrialdeen, bizitzen suntsipen osoa.

Eibar ere suntsituta geratu zen duela 85 urte, bonbardaketen ostean. Horrelaxe galdu ziren orduko eraikin eta kaleak, antzinako Eibar eta bere morfologia zena atzean utziz eta orain denari hasiera emanez. Hainbat jarduera antolatu dira egunotan hura gogoratzeko, herri bezala gaur garena ulertzeko ez baitugu izan ginena ahaztu behar.

Baina ez da asteburua arma zahar eta berrien eraginpean bakarrik geratuko ba, eta nik ahaztu nahi ez dudana Dantzaren Nazioarteko Eguna da: gaur ospatzen da, apirilaren 29an. Talde ezberdinen emanaldiak egongo dira hainbat tokitan, herrian dagoen aniztasuna erakutsiz eta kaleak dantzaz betez. Senti gaitezen harro honetaz ere, beraz: Eibar herri armagiña baita, baina dantzagiña ere bai.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »