“Aurrera, beti aurrera!” (Araceli Guerrero)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Aurrera, beti aurrera!” (Araceli Guerrero)
ETA KITTO 2020, Aza 02

Beste arau aldaketa bat aste honetan. Berriz ere zer egin daitekeen eta zer ez aztertzera. Buletinak eta prentsa berriro arretaz irakurtzera. Berriz ere gure lana eta negozioak egokitzera. Azken batean; beldurra berriro. Beldurra, alarma-egoerak gure bizitzak baldintzatzen dituelako.

Psikologian bi kontzeptu daude pertsonek egoera horren ondorioz izan ditzaketen portaerak azaltzeko. Lehenengoa ikasitako babesgabetasuna da; sufritzen duenak ikasiko du ezin duela ezer egin egoeratik ateratzeko; beraz, modu pasiboan jokatuko du, ez du ezer egingo egoeratik ateratzeko, nahiz eta horretarako aukerak izan. Adibidez, krisi honen ondorioz, lana galdu duten eta enplegu-bilaketa aktiboan jarri ez diren pertsonak aurki ditzakegu, honako argudio hauekin: “Zertarako bilatuko dut lana, gauza oso gaizki badago” edo “berriro konfinatuko bagaituzte”. Pertsona horiek ikasitako babesgabetasuna erakusten ari dira.

Bigarren kontzeptua erresilientzia da, hau da, gizakiak egoera txarrak edo traumatikoak gainditzeko duen gaitasuna. Pertsona horiek moldagarriak direla erakusten dute, beren bizitzekin eta planekin jarraitzeko gai direla, egoerara egokituz. Enpleguaren adibidera itzuliz, hemen aurkitzen ditugu euren lanak galdu ondoren egunero aurrera jarraitzen duten pertsonak, eskaintzei begira eta beren aukerak zein diren ikusita, agian “merkatua gaizki egon arren, egunero enplegu-eskaintzak ateratzen jarraitzen dute” edo “sektore batzuk, esaterako, garbiketa, osasuna… gorabidean daude” pentsatuz.

Bakoitzak jakin dezala nola bizi nahi duen bere bizitza. Nik argi daukat, bizi dugun egoera, eta protesta egiteko dugun eskubidea alde batera utzita, aurrera jarraitu behar dela, beti aurrera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »